Deusto-Bizkaia Talentia programaren edizio berria hasiko da bihar, unibertsitateko 67 ikasle "talentudunekin"

Actualizado: martes, 22 febrero 2011 17:39

BILBO, 22 Feb. (EUROPA PRESS) -

"Talentuduntzat" jo diren Deustuko Unibertsitateko 67 ikasle hasiko dira bihar Deusto-Bizkaia Talentia programarekin. Deustuko Unibertsitatearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren menpeko bizkaia.xede sozietatearen ekimena da, Deustuko Unibertsitateko ikasleen laneratze eta lan-garapen hobea eta egokiagoa lortzera bideratua.

Orientazio pertsonalizatua emateko, etorkizuneko lanean prestatzeko garrantzitsuak diren topaketa, mintegi eta hitzaldietara bertaratzeko eta Bizkaiko eta Euskal Herriko ekonomiaren sektorerik garrantzitsuenen eskaintza ezagutzeko aukera ematen du programak. Hori guztia, euskal enpresa-munduko pertsonaia garrantzitsuenen eskutik.

Egitasmoaren arduradunek adierazi dutenez, inaugurazio-jardunaldian Garbiñe Biurrun egongo da, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko lan-arloko Salaren presidentea, eta parte hartzen duten ikasleei azalduko die nola garatu behar den ibilbide arrakastatsua Euskal Autonomia Erkidegoan.

Halaber, Imanol Pradales bizkaia:xedeko zuzendaria, Jesus Riaño Deustuko Unibertsitateko Ikasleen Bulegoko zuzendaria eta Alejandro Amillano Deustuko ikasle ohia (iaz programan parte hartu zuen) ere egongo dira ekitaldian. Amillanok kontatuko du nolakoa izan zen bere esperientzia, eta ekimen horri ahalik eta etekinik handiena ateratzeko gakoak azalduko ditu.

Aurten beste bi topaketa egitea aurreikusi da, pertsonaia ezagunekin, ezagutza-arloetan banatutako zenbait 'workshop'-ekin eta Bizkaiko Parke Teknologikorako bisitarekin.