Deusturen historia eta bilakaerari buruzko bideo bat argitaratu du Bilboko Udalak

Actualizado: jueves, 10 febrero 2011 13:01

BILBO, 10 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak "Deustu: Sentimendu baten Jatorria / El Origen de un Sentimiento" izenburuko bideoa aurkeztuko du datorren astean. Bideoak, Deustuko elizate zaharraren historia eta Bilborekin bat egin ondoren izan duen bilakaera kontatzen ditu. Arreta berezia jartzen da bertako auzoen garapenean: Elorrieta, San Inazio, Ibarrekolanda, Deustuko erribera, Arangoiti eta Deustuko San Pedro.

Ikerlariek eta barruti horretako pertsona anonimoek euren lekukotasuna eta bertako historiaren gainean duten ezagupena eman dute, lehen udalerri izan zen eta gaur egun Bilboko auzo ezagunenetakoa denaren historia aztertzen duen bideo hau burutzeko. Bilboren eta bere auzoen historian sakontzea eta historia hori ezagutaraztea xede duen Bilbao Izan programaren barruan sartzen da DVDaren argitalpena.

Orain aurkezten den lana, arreta hiriko barruti batean jartzen duen bigarrena da, joan den urtean Errekalderi buruz egin zenaren ondoren. Deusturi buruzko bideoak, auzo bakoitzaren sorkuntza eta garapena markatu duten alderdiak, antzinako elizatearen ezaugarri ziren elementuen deskribapena -udaletxea, bandera, eskola eta abar-, eta udalerri zenean eta Bilbon sartu ondoren bertan bizi zen gizarte, ekonomia, kultura eta hezkuntza alorreko bizitza jasotzen ditu.

Horrez gain, auzoko ohitura eta pertsonaia ezagunak erakusten ditu, hiri-fisonomia definitzen duten arkitektura elementuak edo emakumeek galleta-industrian edo Toldos Goyoaga enpresan burutu izan zuten lana edo portuan burutzen zuten zamaketari eta zirgari (itsasadarrean zehar ontziak eskuz hurbiltzea ertzera) lan neketsu eta gogorra.

Lanaren helburua Bilboko auzo honen historia ezagutaraztea eta bertako biztanleak hiriaren historiaren eta ondarearen berreskurapenaren eta transmisioaren partaide bilakatzea da.

EMANALDIAK

Bideoak 25 minutuko iraupena du, eta otsailaren 14an aurkeztuko da Deustuko Erriberako Zwap pabilioian, arratsaldeko 20:00etan. Hilaren 15ean Arangoitiko Udaltegian emango da, eta 16an San Inazioko Udaltegian; bi kasuetan bi emanaldi izango dira, 19:15ean eta 20:00etan.

Azken emanaldia hilaren 17an izango da, Deustuko Udaltegietan, hiru saiotan: 18:30etan, 19:15ean eta 20:00etan. Gainera, otsailaren 18tik aurrera, Bilboko Udaleko webgunean ikusi eta bertatik jaitsi ahal izango da: www.bilbao.net.

Beste alde batetik, asteburu honetan (otsailak 12 eta 13), "Deustu: mende bateko irudiak" erakusketa irekiko da Zwap pabilioian, eta filmaren aurrerapena izango da. Erakusketan, Txema Luzuriaga historiagileak bildutako antzinako hainbat argazki jasotzen dira. Erakusketa 11:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30etara bisitatu ahal izango da.