Dokumental batekin bukatuko da Bilbon Unamunoren jaiotzaren 150. urtemuga ospatzeko egitarau berezia

Actualizado: miércoles, 17 diciembre 2014 16:37

BILBO, 17 Dic. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak egitarau zabala antolatu du urtean zehar, 1864ko irailaren 29an Miguel de Unamuno jaio zeneko 150. urteurrena ospatzeko, eta egitarau berezi hori datorren ostiralean, abenduaren 19an, amaituko da, Bidebarrieta liburutegian "Enclaves de Unamuno" dokumentala proiektatuz.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, egile bilbotarrak bere azken urteak bizi izan zituen Salamancako hainbat lekutatik ibilbidea egitea proposatzen du dokumentalak. Proiekzioa amaitzean solasaldia izango da, eta bertan, hainbat adituk, arrazoi bat edo beste medio, Unamunok bizi behar izan zituen hiriekin izandako harremana azalduko dute.

Unamunori eskainitako omenaldi ekitaldiak urtarrilean hasi ziren, Miguel de Unamuno XV. saiakera sariaren deialdiarekin. Ondoren, pentsalariaren lanaren hainbat alderdiri buruzko hitzaldiak egin dira, hilero: bidaiatzeko zuen zaletasuna, poesia, tokiko politikan izan zuen partaidetza, bere garaiko beste pentsalari batzuekin izan zuen harremana, "Niebla" eleberria argitaratu zeneko mendeurrena, besteak beste. Jarduera horietan guztietan goi mailako adituek hartu dute parte.

Guztira 1.500 pertsonak hartu dute parte hitzaldietan eta ekintzetan, eta 1.000 baino gehiago izan dira joan den irailean Euskal Museoan inauguratu zen "Miguel de Unamuno eta argazkigintza" erakusketa bisitatu dutenak. Horrez gain, azpimarratzekoa da Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko ia 500 ikaslek hartu dutela parte urteurrena ospatzeko antolatu diren bisita gidatuetan.