Donostia 2016ari buruzko komunikazioa "etengabekoa" izango dela dio Udalak

Actualizado: jueves, 23 julio 2015 11:59

DONOSTIA, 23 (EUROPA PRESS)

   Miren Azkarate Donostia Udaleko 2016ko Hiriburutza, Kultura, Euskara eta Hezkuntza arloetako zinegotzi delegatuak adierazi du 2016ari buruzko komunikazioa "etengabekoa" izango dela hemendik aurrera. DSS2016ko departamentuen arteko batzorde teknikoaren bileraren ondoren egin ditu adierazpenok Azkaratek, ostegun honetan.

   Horrela, 2016ko zuzendari nagusi Pablo Berasteguik azaldu bezala, Azkaratek esan du komunikazioa "zatitan" egingo dela eta, beraz, udan hiritarrek ikusi ahal izango dutela "nola gero eta gehiago ikusgai egiten den hurrengo urtean Donostia kultura hiribura izango dela", eta komunikazio horrek udazkenean beste era batean jarraituko duela helburu berarekin, hau da, "2016an Donostia Europako Kultura Hiriburua izango dela ikusgai egiten jarraitzea".

   "Oso garrantzitsua da hiriburutzarentzako proiektuen produkzioa egitea eta arduradunak zehaztea proiektu horiek aurrera eramateko. Horiek horrela, une honetan Donostia Kulturaren produkzio talde bikainaren kolaborazioa bideratzen ari gara, ikusteko nola lotzen ditugun sinergiak 2016arekin", azaldu du.

   Halaber, 2016ko Hiriburutzaren zinegotzi delegatuak adierazi du irekiera ekitaldi nagusia egongo dela eta aurreko egunetan beste hainbat ekitaldi egingo direla. "Horretan ari gara lanean gogoz -gaineratu du-, eta udazkenean, hiriburutzaren bulegoko arduradunek egoki ikusten dutenean, egitasmoaren ekimen nagusienak aurkezteko ekitaldi handia egingo da".

   Dena den, Azkaratek ohartarazi du egitasmoa ez dela itxita egongo %100ean, izan ere, Europako Batzordearen kultura hiriburutzaren arduradunek gomendatzen dute zati bat irekita mantentzea hiritarren ekimenez sortzen diren proiektuak sartzeko, eta horretarako Olatuak ekimena egongo da, hain zuzen ere, Olatu Talkari jarraipena emango dion ekimena.

KULTURA MINISTERIOA

   Bestalde, 2016ko Europako Kultura Hiriburutzarako Espainiako Kultura Ministerioaren ekarpenari buruz, Azkaratek esan du, lehenbiziko iritziak jaso dituztela, baina oraindik ez dutela bilerarik egin Ministerioak azaldutako konpromisoa diru ekarpen handiagoa suposatuko duen zehazteko, diru ekarpen handiagoa egiteko eskatu baitzitzaion Kultura Ministerioari.

   Gainera, gogoratu du Europako Batzordeari "arraro" egiten zitzaiola Espainiako Gobernuaren ekarpena hain txikia izatea, Eusko Jaurlaritzak edota Donostiako Udalak egiten duten ekarpenarekin alderatuta. Dena den, Azkaratek adierazi du lanean jarraituko dutela Espainiako Gobernuak diruekarpena handitzeko eta baikor direla esan du.

CHILLIDA-LEKU

   Azkenik, Chillida-Lekuren egoerari buruz eta 2016ean sartzeari buruz hitz egin du Azkaratek. "Guztiok nahi dugu Chillida-Leku 2016rako irekita egotea eta, era berean, donostiarrentzako zein mundu guztiarentzako erreferente izaten jarraitzea", esan du.

   Horren harira, adierazi du ez duela aukeratu nahi, baina, baldin eta museoa 2016an irekita egoteko elkarrizketak behartzearen eta gauzak lasaiago egin eta museoaren jarraipena bermatzearen artean aukeratu beharko balu, bigarren hautua egingo lukeela, nahiz eta, argi duen Chillida-Leku 2016rako funtsezko tresna izango litzatekeela.

   Hortaz, 2016ko Hiriburutza, Kultura, Euskara eta Hezkuntzako zinegotzi delegatuak azpimarratu duenez, "elkarrizketan bi alde daude, erakundeak eta familia, eta hor zuhurrak izan behar dugu eta bi aldeei utzi behar diegu hitz egiten jarrai dezatela, akordioa lor dezaten".