Donostia 2016k bere proiektua Tolosan eta Irunen aurkeztuko du

Donostia 2016ren aurkezpenetako bat
Foto: DSS2016
Actualizado: viernes, 10 julio 2015 17:05

DONOSTIA, 10 (EUROPA PRESS)

   Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak (DSS2016EU) bere proiektua Tolosan eta Irunen aurkeztuko du datorren astean, programazioa azaltzeko, herritarren zalantzak erantzuteko eta martxan jarritako ekimenetan nola parte har dezaketen zehazteko helburuarekin. Gainera, aurkezpenak egingo diren lekuetan garrantzitsuak izango diren proiektuak bereziki azpimarratuko ditu.

   DSS2016EU-ko arduradunek jakinarazi dutenez, ekitaldiak topaketa modura antolatu dira: uztailaren 13an, 19:30ean, Tolosako TOPICen (Nazioarteko Txotxongilo Zentroa) egingo da, eta uztailaren 15ean, 19:30ean, Irungo Oiasso Erromatar Museoan. Hitzaldietan, DSS2016EUko taldeaz aparte, aipatutako zentroetako zuzendaritzetako arduradunek parte hartuko dute, eta ondoren, otordu txiki bat eginez topaketa bat egiteko aukera egongo da.

   Donostia 2016k Gipuzkoako hiriburutik haratagoko lurralde eremua barne hartzen duela gogorarazi dute arduradunek, eta horixe da, hain zuzen ere, Getariako, Tolosako eta Irungo aurkezpenetan zabalduko den mezuetako bat.

   Ekitaldiotan aurkeztuko diren lurraldearekin estuki lotutako ekimenetako batzuk dira 2016 bidea, Energia Olatuak, Antzerki foruma: eta hik zer?, Emusik, "Balenciaga eta arte eszenikoak" elkarrizketa, World Puppetry Festival eta Altzoko Haundia, eta Zubideak.

   Uztailean egingo diren aurkezpen hauetaz gain, aurretik, ekainean, Iruñeko Baluarten eta Gasteizko Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro Museoan ere egin dira aurkezpenak.