Donostia 2016k eta Adegik Hiriburutza Urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute

Berastegi eta Gibelalde
DONOSTIA 2016
Actualizado: jueves, 7 enero 2016 16:36

DONOSTIA, 7 (EUROPA PRESS)

   Adegi Gipuzkoako enpresarien elkarteak eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak bien arteko lankidetza hitzarmena sinatu dute, eta horrela, enpresarien elkarteak Hiriburutza proiektuan aktiboki parte hartzeko konpromisoa hartu du. Hitzarmenari esker, enpresarien elkarteak DSS2016EU proiektuan parte hartzea erraztuko die elkarlanean aritu nahi duten enpresei.

   Pello Gibelalde Adegiko presidenteak eta Pablo Berastegi Donostia 2016ko zuzendari orokorrak sinatu dute bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena. Gainera, aurrerago jakinaraziko litezkeen beste lankidetza ekintza batzuk ezartzeko aukera uztea adostu dute.

   Adegiren eta DSS2016EUren arteko lankidetzaren lehen erakusgarri zehatza "Elkarrekin bizitzeko kultura enpresan" ekitaldia izango da, urtarrilaren 15ean, Tabakaleran, Adegik berak antolatua. Aurkezpenean azaldu dutenez, Adegik denbora darama barne komunikazioa, transparentzia eta partaidetza bezalako balioetan oinarritutako enpresa kultura berri bat osatzearen alde lanean. Kultura berri horrek enpresa bere kide guztien artean eraikitako proiektu partekatu gisa ulertzen du, eta bertan lagun guztiak dute zer irabazia. Helburua da enpresak lehiakorragoak eta iraunkorragoak izatea etorkizunera begira.

   "Elkarrekin bizitzeko kultura enpresan" ekitaldian, enpresaren kontzepzio hau gizarteratu zela bi urte igaro direla ospatuko da. Ekitaldia herritar guztiei irekita egongo da.

   Halaber, Adegik "lokarri lana" egingo du Donostia 2016ren eta lankidetzan aritu nahi duten enpresen artean, elkarlanerako aukerak identifikatzen dituenean. Bi erakundeek aurkitu duten kolaboraziorako bideetako bat DSSINNOVA2016 enpresa-komunitatea da. Teknologia zentro, I+G+b zentro eta enpresarien elkarte komunitatea da, eta berrikuntzarekin loturiko eragile hauek guztiek 2016ko Europako Kultur Hiriburu proiektua sustatzen eta babesten dute.

   Donostia 2016 Fundazioa eta Donostia Sustapena elkarlanean aritu dira proiektu honetan, Donostiako eta Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainek zein berrikuntzarekin loturiko eragile guztiek 2016ko Europako Kultur Hiriburua babesteko aukera izan dezaten 3.000 euroko ekarpena eginez.