Donostia 2016k "hiriari eskaintzen dizkion aukerak baliatzeko" lantaldea osatu du Udalak

Actualizado: martes, 30 septiembre 2014 12:56
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 30 (EUROPA PRESS)

   Donostia 2016ari begira Udaletik egin beharreko lanak kudeatuko dituen eta "hiriari eskaintzen dizkion aukerak baliatzeko" lantaldea aurkeztu dute gaur, irailaren 30ean, Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek eta Donostiako Udaleko sailetako zuzendariek. Lantalde horretan Alkatetza eta udalaren sail guztiak elkarlanean ariko dira.

   Izagirrek adierazi du Donostia 2016 "aukera moduan" ulertu behar dela. "Bulegoa egiten ari den programa kulturalaz gain, guk hiri bezala proiektuak eskaintzen dizkigun aukerak %100ean baliatu behar ditugu. Horrekin batera, hiria 2016rako prestatuta eduki behar dugu, eta horretarako osatu dugu lantalde hau", azaldu du.

   Lantalde horretan, alkateaz gain, Udalaren atal eta sail garrantzitsuenetako zuzendariak bilduko dira: Partaidetza, Donostia Kultura, Sustapena, Donostia Turismoa, Mugikortasuna, Udal Informatika Zentroa, Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuak eta Estrategia Bulegoa.

   Txuri Aranburu lantaldearen koordinatzaileak azaldu duenez, "astero elkartuko da lantaldea alkatearekin, Donostia 2016k udalean sortzen dituen erronka guztiei denon artean eta bakoitzak bere sailetik, aurre egiteko".

   Lantaldeak zazpi erronka nagusi izango dituela nabarmendu du Donostiako alkateak: mugikortasuna; bisitariei harrera egitea; ingurumena, kaleen garbiketa eta hondakinen kudeaketa; prebentzioa eta segurtasuna; baimenak eta tramiteak hobeto kudeatzeko leihatila bakarra jartzea; eta administrazioa modernizatzea.

   Mugikortasunari dagokionez, Donostia Europa mailako erreferentzia izan arren, egungo norabidean sakontzeko beharra ekarriko du Donostia 2016k. Horrela, lantaldeak honako erronkei erantzun beharko die: hirira nola iritsi eta hirian nola mugitu; garraio publikoaren eta pribatuaren arteko oreka, aparkalekuen kudeaketa eta abar.

   Bisitariei harrera egiteari begira, laster harrera plan bat osatuko dutela iragarri dute. Harrera plan horretan bisitariekin harremana izango duten sektore guztiei maila askotako tresnak eskainiko zaizkie, trebakuntza aldetik, seinaletika aldetik edota hizkuntzen trebakuntza aldetik, beste hainbat ekimenekin batera.

INGURUMENA

   Ingurumenari eta hiri zerbitzuei dagokienez, batetik CO2 isuriak gutxitzeko neurriak landuko dituzte, eta bestetik, azterketa zabala egingo dute kale garbiketan, parke eta hondartzen txukuntasunean edo hondakinen kudeaketan hartu beharreko neurriez. Horiekin batera, kale argiterian egin beharreko aldaketak eta hartu beharreko neurriak ere landuko dituzte.

   Era berean, Udalaren barne mailako lana errazteko eta kalean egiteko baimenen tramitazioak hobeto kudeatzeko lanean ere ariko dira. Helburua leihatila bakarra ezartzea da, aurrera eraman behar diren baimenak milaka baitira gaur egun, eta gehiago izango baitira 2016an. Lan honek koordinazioa eskatuko du, baina herritarrei lana erraztea da helburua. Horrekin batera, administrazioaren aplikazio informatikoak ere eguneratuko dituzte.

   Izagirrek nabarmendu du Donostia 2016rako egingo den lana ez dela bakarrik Donostia 2016rako izango. "Guretzat, hiri mailan, eta udaletxe mailan, Donostia 2016 aukera ezin hobea da hirian hobetu behar ditugun gauza asko hobetzeko. Hori izango da Donostia 2016k utziko digun beste gauzetako bat: hiri bat hobea, eta administrazio bat hobea", ziurtatu du.