Donostia 2016k Komisario Berriak komisariotza berriak sustatzeko programa abiarazi du

Komisario Berriak aurkeztu dute
DONOSTIA 2016
Actualizado: lunes, 15 febrero 2016 13:37

DONOSTIA, 15 (EUROPA PRESS)

   Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak Komisario Berriak programan izena emateko deialdia egin du. Egitasmoaren helburu nagusia da komisariotza lana sustatzea euskal testuinguruan, eta sektore horretan profesional berriak sorraraztea.

   Deialdiaren xehetasunen eta programaren berri eman dute astelehen honetan 2016 Gunean egin den prentsaurrekoan. Donostia 2016 Fundazioko zuzendari nagusi Pablo Berastegik, Tabakalerako kultura zuzendari Ane Rodriguez Armendarizek, Artiumeko zuzendari Daniel Castillejok, Azkuna Zentroko zuzendari Lourdes Fernandezek eta egitasmoaren koordinatzaile Aimar Arriolak parte hartu dute.

   DSS2016EUren programako Ahotsen Itsasargia atalak bost ardatz nagusi ditu: hizkuntzak, lengoaia artistikoak, transmisioa, itzulpengintza eta aniztasuna. Bere helburuekin bat etorriz, atal horrek komisariotzara bideratutako laborategi bat proposatu du, jardunbide horrek itzulpen eta transmisio prozesuak baititu oinarri.

   Bere helburuak zabaltze eta osatze aldera, egitasmoak bat egin du duela gutxi euskal testuinguruaren baitan sortu diren beste ekimen batzuekin, esaterako, Donostiako Tabakalerako Komisariotza Eskolarekin.

   Astelehen honetan zabaldutako deialdiaren bidez, komisariotza lanean interes argia duten hamar pertsona aukeratuko dira, gehienez, bi ekoizpen kuratorial egiteko. Horiek kolektiboak izango dira, eta leku eta egun hauetan egingo dira: 2016ko abenduan Azkuna Zentroan (Bilbo) eta 2017ko lehenengo hiruhilekoan Artiumen (Gasteiz). Hori guztia Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren baitan gauzatuko da.

   Aukeratutako hamar pertsonek bi proposamen kuratorial sortzeko eta ekoizteko lan egingo dute, modu kolektiboan. Horretarako, zenbait topaketa egingo dituzte, laborategi formatuan. Hiru laborategi egingo dira, launa egunekoak: lehenengoa Tabakaleran egingo da, maiatzaren 23ko astean; bigarrena, Azkuna Zentroan, uztaileko lehen astean; eta, hirugarrena, Artiumen, udazken hasieran.

   Laborategiak egitasmoko koordinatzaile gonbidatuak zuzenduko ditu (Aimar Arriola), bi komisario gonbidaturekin batera (Tamara Diaz Bringas eta Sabel Gavaldon). Horiek zenbait metodologia proposatuko dituzte, modu kolektiboan lan egiteko eta "itzulpengintza" kontzeptua sakonago hausnartzeko, hori baita egitasmo honen ardatz tematiko eta metodologikoa.

   Deialdia irekita dago Europar Batasuneko herrialderen batean bizi diren eta jardunbide kuratorial garaikideari lotutako ibilbide bati ekin nahi dioten pertsona guztiei. Hizkuntzari dagokionez, asko baloratuko da hautagaiek Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) bi hizkuntza ofizialetako bat jakitea (euskara edo gaztelania). Kolektiboki egin beharreko bi ekoizpen kuratorialetako bakoitzerako 20.000 euro izango dituzte gehienez; diru hori ekoizpena egiteko izango da.

ITZULPENGINTZA

   Aurkezpenean azaldu dutenez, laborategiek zein emaitza gisa aterako diren bi ekoizpen kuratorialek itzulpengintzaren kontzeptua izango dute ardatz, zentzu zabalean hartuta. Garrantzi handiko gaia izan ohi da azken hamarkadetako arteari eta kulturari buruzko eztabaida kritikoetan, baina horrek ez du esan nahi gaia agortuta dagoenik.

   Horrela, itzulpengintzaren kontzeptua euskarritzat hartuta, DSS2016EUren programarekin eta, zehatzago, Ahotsen Itsasargiarekin lotura duten zenbait gai landuko dira: nortasuna, hizkuntza, transmisioa eta irudikapena. Horrez gain, komisariotza lanarekin zerikusia duten beste alderdi zehatz batzuk ere landuko ditu.

   Egitasmo honen xedea ikaskuntza, elkarrekintza eta elkarren ezagutza sustatzea da, baita komisariotzak duen jardunbide indibidualista eta meritokratiko iruditik aldentzea ere. Ildo horretan, egitasmo honetatik ateratzen diren bi proiektuak modu kolektiboan komisariatuko dira.

   Fase bakoitza (laborategiak eta ekoizpenak) leku batean egingo da, euskararen lurralde geopoetikoaren testuinguru artistikoa (EAE, Nafarroa eta Iparralde) hamar hautatuengana gerturatze aldera. Leku bakoitzean, bertako estudioak, eragileak eta espazio kulturalak bisitatuko dira. Lehen laborategia Donostian egingo da, Tabakaleran, eta beste biak Bilbon (Azkuna Zentroa) eta Gasteizen (Artium).