Donostia 2016k proiektua Irun, Bilbo, Arrasate eta Eibarren aurkeztuko du

Actualizado: lunes, 14 septiembre 2015 14:03

DONOSTIA, 14 (EUROPA PRESS)

   Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua proiektua eta bere edukiak jendaurreko ekitaldietan aurkezten jarraituko du irail eta azaro artean. Zehazki, hurrengo aurkezpenak Irungo Oiasso Erromatar Museoan, Bilboko Azkuna Zentroan, Arrasateko Kulturate kultur etxean eta Eibarko Biharrian Elkartearen egoitzan izango dira.

   DSS2016EUko arduradunek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez, datorren urteko ekimenen berri emateaz gain, aurkezpenetan leku bakoitzean zein proiektu gauzatuko den azpimarratuko da. Horietan, jendeari jakinaraziko zaio zein diren parte hartzeko bideak, eta aukera izango du proiektuaren inguruan dituen zalantza guztiez galdetzeko.

   Aurkezpenetan, Donostia 2016ko lantaldeak ez ezik, leku horietako zuzendaritzako kideek edo haiekin lotutako pertsonek ere hartuko dute parte. Zehazki, irailean, Irungo Oiasso Erromatar Museoan (17an) eta Bilboko Azkuna Zentroan (24an) egingo dira ekintzak; urrian, Arrasateko Kulturate kultura zentroan (6an); eta azaroan Eibarko Biharrian Elkartean (17an).

   Donostia 2016 proiektua Gipuzkoako hiriburuaz kanpo hedatuko da eta, beraz, aurkezpen horiek baliagarriak izango dira leku horietako herritarrekin, kultura eragileekin eta abarrekin elkarrizketak sortzeko.