Donostia 2016ren Antzerkigintza Berriak programaren bigarren deialdiaren zortzi egileak hautatu dituzte

Mikel Gurrearen "Soka"
DONOSTIA 2016
Actualizado: lunes, 13 febrero 2017 13:35

DONOSTIA, 13 (EUROPA PRESS)

Donostia 2016ren Antzerkigintza Berriak programaren bigarren edizioa martxan da, eta aurkezturiko 36 proposamenetatik zortzi aukeratu ditu arte eszenikoen arloko adituen batzorde batek. Raul Camino, Iñigo Cobo, Andoni De Carlos, Kepa Errasti, Mikel Fernandino, Tamara Gutierrez, Javier Liñera eta Gorka Martin dira hautaturiko egileak.

Antzerkigintza Berriak programa Donostia 2016ren Ahotsen Itsasargia ekimenaren baitan sortu zen, eta Victoria Eugenia, Arriaga eta Principal antzokiek lagunduta gauzatzen ari da, bere sustatzaileek gogoratu dutenez.

Egileek laborategietan parte hartuko dute martxotik apirilera bitartean, Mireia Gabilondo eta Patxo Telleriaren gidaritzapean. Gainera, zenbait eskola magistral ere jasoko dituzte. Laborategiak egin ondoren, sortutako antzezlanen artetik bat eta hiru bitartean aukeratuko dira, proiektuan parte hartzen duten antzokietan taularatzeko.

Programaren bigarren edizioan, lehen edizioaren partaideen lanak eszenaratzen ari dira. Horrela, Olatz Gorrotxategiren "Coordenadas" azaroan estreinatu zen, Arriagan, eta Mikel Gurrearen "Soka", berriz, otsailean Victoria Eugenian. Azkenik, lehen edizioan hautatutako hirugarren lana, Oier Guillanen "Miss Karaoke", apirilaren 5ean estreinatuko da, Gasteizko Principal antzokian.

Donostia 2016ren Antzerkigintza Berriak proiektuaren helburua da antzerkigintza sustatzea eta antzerkirako bidea erraztea hasi berri diren antzerkigileei, arte eszenikoekin lotutako profesionalei eta artearen beste esparru batzuetatik datozen baina sorkuntza eszenikoari ekin nahi dioten sortzaileei.