Donostia 2016ren "Kulunkan" audio-liburua jasoko dute 2016an jaiotzen diren haurrek

Actualizado: miércoles, 30 diciembre 2015 14:41

DONOSTIA, 30 (EUROPA PRESS)

   Donostia 2016 Europako Kultura Hiriburuak "Kulunkan" audio-liburua banatuko die urtarrilaren 1etik aurrera hiriburuko ospitaleetan jaiotzen diren haurrei. Hiriburutzaren urteak iraun bitartean Donostian jaiotzen diren ume guztiek kutxa edo maleta txiki bat jasoko dute, eta bertan 14 fitxa egongo dira, Maite Gurrutxagak arreta handiz egindako ilustrazioekin. Ilustrazioek munduko hainbat herrialdetako sehaska eta magal kantetako letrak eta partiturak irudikatzen dituzte.

   Donostia 2016k jakinarazi duenez, QR kode baten bitartez, erabiltzaileak www.kulunkan.eu webgunera sartu ahalko dira (urtarrilaren 1ean aktibatuko da). Bertan, abestiak entzun ahalko dituzte eta abesti bakoitzaren esanahia hobeto ezagutu; izan ere, abesti bakoitzak gida didaktiko bat izango du, besteak beste.

   Proiektuaren helburua da gurasoen eta gainerako senideen eta 0-3 urte arteko haurren arteko maitasun harremana sendotzea, abestiek biltzen duten ondarearen bitartez.

   Alde batetik, abesti horien garrantzia eta funtzioa azpimarratu nahi dira; horretarako, ezinbestekoa da haurtzaroko aldi horretan haurrei abestearen inguruan dauden aurreiritziak ezabatzea, eta gurasoei gauzak erraztea, haien seme-alabei abes diezaieten eta abestiak familia-giroko zerbait bilaka daitezen. Bestalde, hala gure artean nola gure inguruan bizi diren beste kultura batzuetan sehaska eta magal abestietan dagoen ondare aberatsa azpimarratu nahi da. "Kulunkan" liburua egiteko lanetan musika pedagogoek, musikagileek eta arloko adituek parte hartu dute.

   Audio-liburua argitaratzeaz gain, sentsibilizazio lantegiak ere egingo dira, abesti horien hezkuntza eta pedagogia balioa ezagutarazteko. Bestalde, Donostialdeko hainbat tokitan lantegiak egingo dira guraso, senide eta haurrentzat, abestiak gehiago erabiltzeko tresnak emateko eta bidea errazteko; bestalde, zeharkako erabileren inguruan ere hitz egingo da.

   Ekimen hau Corale proiektuaren parte da. Proiektu horrek hiriburutzaren lurraldeko ohitura indartsuenetako bati buruzko gogoeta sustatu nahi du; hain zuzen ere, koralaren eta kultur nortasunaren, folklorearen eta hezkuntza balioaren arteko lokarriari buruzko gogoeta egingo da.