Donostia 2016ri Melina Mercouri saria ematea gomendatu du Europak

Actualizado: lunes, 27 abril 2015 17:17

DONOSTIA, 27 (EUROPA PRESS)

   Donostia 2016ri Melina Mercouri saria (1,5 milioi eurokoa) ematea gomendatu dio jarraipen batzordeak Europako Batzordeari astelehen honetan argitaratu duen txosten batean. Martxoaren 24an Bruselan aurkeztu zuen Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren lantaldeak azken lan txosten ofiziala eta horren erantzun gisa argitaratu berri du jarraipen batzordeak aipatu dokumentua.

   Donostiari eta Poloniako Wroclaw hiriari egindako gomendioak jasotzen diren txosten partekatu honetan, DSS2016EU proiektuaren garapenari buruzko balorazio positiboa egin du batzordeak. Dokumentuak dioenaren arabera, batzordea "lasaiago geratu da Donostia 2016 lantaldeak (aurreko ebaluazio bileratik) egin duen aurrerabidea ikusita", eta hiria "zoriondu nahi du egindako lanarengatik".

   Batzordeak gaineratu du hiriburutza urtearen arrakastarako beharrezkoak izango direla "kultura, ekonomia eta gizarte eragile guztiak zein lurralde gobernu maila guztietako indar politiko" guztien lan partekatuak, beti ere Donostia 2016k "Elkarbizitzarako kultura" goiburupean garatutako programa oinarrian hartuta. Batzordeak goretsi egin du baita DSS2016EUk bere komunikazio estrategian lau hizkuntza erabiltzea.

   Dokumentuak hainbat gomendio ere bildu ditu, besteak beste, DSS2016EUk ahal bezain laster ekoizpen lantalde bat aukeratzea lehentasunen artean jartzea. Horrez gain, "kezka txiki bat" agertu du babesletzaren kontuari buruz, eta gomendatu du arlo honetan egon daitezkeen diru iturriak ondare plan batera zuzentzeko, DSS2016EUren lantaldeak martxoko Bruselako bileran proposatu zuen moduan, hain zuzen. Horrekin batera, lantaldeak 'media partner' delakoekin negoziazioak azkartzeko gomendioa ere jaso da txostenean.

   Bestalde, jarraipen batzordeak Espainiako Kultura Ministeriotik datorren finantziazioari buruzko kezka ere adierazi du, zortzi hilabete baino ez baitira geratzen hiriburutza urtea iristeko.

   Txostena amaitzeko, Donostia 2016ri Melina Mercouri saria aitortzeko eskaera egin dio jarraipen batzordeak Europako Batzordeari. Behin gomendioa aztertuta, Europako Batzordeak sariari dagokion dirua hiriburutza urtea hasi baino hiru hilabete lehenago emango luke, aurtengo irailean, hain zuzen.

BALORAZIO POSITIBOA

   Donostia 2016ren lantaldeak txostenaren edukiari buruzko balorazio positiboa egin du. Proiektuaren zuzendari nagusi Pablo Berasteguik adierazi duenez, "oso pozik gaude Europak gure proiektua modu egoki eta positiboan baloratu duelako eta Bruselako bileran piztutako itxaropenak egi bihurtu direlako Melina Mercouri saria lortzea ahalbidetuko digun txosten honetan". "Guretzat oso garrantzitsua da berme hau eta uste dut aurrerantzean guztia errazagoa izango dela Europako Batzordeak eman digun babes honi esker", gaineratu du.

   Bestalde, DSS2016EUren kultur zuzendari Xabier Payak gaineratu du txostena "oso positiboa" dela, eta hala jakinarazi diola Europako Batzordeak berak. "Europar dimentsioa eta hiria eta herritarrak ataletan egindako aurrerapenak azpimarratu ditu dokumentuak eta, oro har, begi bistakoak diren zailtasun batzuk badaude ere, txostenaren ondorio nagusia da bide onetik goazela", azaldu du.

   Donostia 2016k Melina Mercouri saria jaso dezan jarraipen batzordeak egin duen gomendioa dela eta, Donostia 2016 lantaldeak ospakizun ekitaldi bat antolatu du maiatzaren 8rako, 2016 Gunean. Ospakizunaren helburua izango da herritarrekin gertakizun hau partekatzea.

   Ekitaldiak barne hartuko du, besteak beste, Pedro Subijana sukaldariak DSS2016EUk hala eskatuta prestatu duen Melina Mercouri pintxoa aurkeztea. Errezeta gastronomiko hau gilda donostiarraren interpretazio berri baten modukoa da, eta hiriko ostalariekin partekatuko da, haiek ere menuetan eskaintzeko aukera izan dezaten Europako Kultur Hiriburutza ospatzeko espresuki sortutako pintxo hau.

MELINA MERCOURI SARIA

   Europako Kultur Hiriburutza titulua 1985eko ekainaren 13an abiatu zen Europako Batasunaren Ministroen Kontseiluan, Melina Mercouriren ekimen gisa. Aktore, abeslari eta ekintzaile politiko greziar hau 1981ean Kultura ministro bilakatu zen lehen greziar emakumea izan zen. Aurten 30 urte bete dira Europako hiriak euren artean gerturatzeko garatutako titulu hau sortu zenetik.

   Bere omenez, Europako Batzordeak Melina Mercouri saria ematen die Europako Kultur Hiriburu diren hiriei, beti ere izendapenaren jarraipen batzordeak egindako gomendioei jarraitzen badituzte. Izendatutako hiriei Europako erakundeek ematen dieten diru laguntza bakarra da 1,5 milioi euroko saria.