"Donostia" buiak hamar urte beteko ditu EAEko kostaldean informazioa biltzen

"Donostia" Buia
SEGURTASUN SAILA
Actualizado: miércoles, 7 junio 2017 14:06

DONOSTIA, 7 (EUROPA PRESS)

"Donostia" buiak hamar urte beteko ditu ostegunean, ekainaren 8an, Ozeanoen Nazioarteko Egunean. Kostaldetik 16 miliara dago buia, Donostia parean, eta ur zutabearen parametro meteorologikoei, korronteei, olatuei, tenperaturei eta gazitasunari buruzko informazioa ematen du. "Donostia" buia Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) sare ozeanometeorologikoaren parte da, plataforma ozeanometeorologikoekin eta kostaldeko radarrekin batera.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, itsasoaren egoerari buruzko ezagutza izatea "funtsezkoa" da EAEko kostaldearentzat eta zenbait sektorerentzat, hala nola arrantza, itsas aisia eta turismoarentzat. Izan ere, kostaldea eta haren baliabideak -hondartzak, itsaslabarrak, marearteko zabalguneak eta abar- lurraldeko aktibo garrantzitsuenetakoa bihurtu dira.

EAEn, hiru biztanletik bi kostaldetik 30 kilometro baino gutxiagora bizi dira. Beraz, berehalako datuak eta informazioa lortzeak "berebiziko" garrantzia du eremu horietan egiten diren askotariko jarduerak behar bezala gauzatzeko.

"Donostia" buiak eskaintzen dituen datuak sistema bakar batean integratzen dira. Prozesu meteorologikoek itsasoan duten eraginari buruzko informazioa ematen du sistema horrek, bai eta itsas ingurunean gertatu diren aldaketei buruzkoa ere. AZTI institutuko adituak arduratzen dira sistemaren mantentze lanez eta kudeaketaz.

Informazio horren zati handia ia berehala bidaltzen da, satelite bidez, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren instalazioetara. Han jarraipen zehatza egiten da, eta iragarpenak egiteko meteorologia eta ozeanografia ereduak doitzen dira. Horrela, ekaitzen, galernen eta abarren bilakaera zein den jakin daiteke.

Halaber, "are garrantzitsuagoa" da kostaldeko arriskuak zehaztea eta herritarrei eta instituzioei haien berri ematea. Izan ere, horrela txikiagotu egiten da ekaitzen eta galernen eragina, itsasoan edo itsasotik gertu egiten diren jardueretan.

Kostaldeko lehen lerroan lurralde okupazio handia dagoelako gertatzen da hori. Gaur egun, abisu, alerta eta alarma sistema egoki bat edukitzeak "nabarmen" hobetzen du pertsonen eta azpiegitura publiko eta pribatuen segurtasuna, eta are gehiago hobetuko du etorkizunean.

NEURKETAK

"Donostia" buiaren bidez egiten diren neurketen artean daude helburu zientifikoko neurketak, prozesu jakin batzuk ulertzeko; hondamen egoera baten aurrean erantzuteko neurketak, hala nola hidrokarburo isuriak, eta denbora luzez eta etengabe egiten diren neurketak, teknikari eta zientzialariei joerak aztertzen laguntzen dietenak, modelizazioa hobetzeko, eta, hala, etorkizuneko gertaerak eta egoerak aurreikusteko.

Hondoko korronte neurgailu batek ematen du informazio ozeanografikoa. Neurgailuak korronteen abiadura eta noranzkoa neurtzen ditu aldi berean. Horrez gain, presio sentsore batek olatuen ezaugarriak erregistratzen ditu. Azkenik, sakonera desberdinetan jarritako sentsore kate batek tenperaturen eta gazitasunen profila neurtzen du.

Bildutako informazio ozeanografikoa, informazio meteorologikoarekin batera, orduro transmititzen da satelite bidez, eta Euskalmeten eta AZTIn prozesatzen da. Bildutako datuak baliagarriak dira ez soilik aurreikuspen meteorologikoen prozesuak hobetzeko, baizik eta baita gure kostaldeen ezaugarriak aztertzeko ere, hala nola galernen osaera, mareen aldakortasuna eta olatuen energia. Informazio hori ezinbestekoa da jakiteko itsasoak zer arrisku dituen itsasoko eta kostaldeko erabiltzaileentzat.

Datu horiek aztertzeak erabilera ugari ditu epe luzera. Datuok erabili daitezke, esaterako, klimari buruzko azterketak egiteko, portuen edo kostako bestelako eraikuntzen dimentsioak planifikatzeko, etorkizuneko itsasoko energia iturriak identifikatzeko edo nabigazio bide seguruak ezartzeko.