Donostia Kulturak 50 udako ikastaro antolatu ditu ekainaren 27tik uztailaren 28ra

Actualizado: lunes, 16 mayo 2011 15:10

DONOSTIA, 16 May. (EUROPA PRESS) -

Donostiako kultur etxeetan eta beste zenbait gunetan ekainaren 27tik uztailaren 28ra bitartean izango diren udako ikastaro prestatu ditu Donostia Kulturak. 50 ikastarok osatzen dute aurten kultur etxeetan eskainiko den udarako ikastaro-programa, horietatik 12 haurrentzat, lau gazteentzat eta gainerakoak (37) 16 urtetik gorako pertsona helduentzat. Erakundearen urteko eta lauhilabeteko gainerako ikastaroetan bezala, eskaintzak heldu, gazte eta haurrei zuzendutako proposamenak barne hartzen ditu.

Udako ikastaroen berezitasuna da donostiarren eskaerari eta udako aisia-ohiturei egokitu nahi dela, urteko sasoi honetan nahiago direlako ikastaro laburragoak eta ludikoagoak. Zentzu horretan, astebeteko eta hamabost eguneko ikastaro trinkoak eskainiko dira aurten.

Horrenbestez, Donostiako Kulturako iturriek jakinarazi dutenez, ikastaro horietako batzuk kultur etxeetatik kanpo izango dira, hala nola parkean emango diren Tai Chi edo Jazz Dantza ikastaroak, aire zabalean izango diren pintura eta akuarelakoak, baratzeko ikastaroak eta Donostiako parkeetan zehar egingo den ibilbidea.

Formatu honek hiriaz eta eguraldi oneko egunez gozatzeko aukera eskainikon du, eta aldi berean, talde-dinamika interesgarriak sortu eta ikastaroaren euren edukiak lantzen dira.

Hainbat dira aurtengo udako ikastaroen programan barne hartutako

berritasunak: Lugaritz Kultur Etxean, Cristina Enea Fundazioarekiko lankidetza hitzarmen bati esker, helduei nahi haurrei zuzendutako baratzearen inguruko hainbat ikastaro emango dira. "Etxekolanda" izeneko proiektuan bilduta daude ikastaro horiek. Etxeko baratzeari buruzko proiektu orokor horrek, hainbat prestakuntza-eskaintza izango ditu 2011. urtean zehar, hala Lugaritz Kultur Etxean, nola Cristina Enean bertan. Kasu honetan, kultur etxeko terrazan etxeko baratze ekologikoetarako prestakuntza-eremua egokitu da.

Lugaritz Kultur Etxean bertan, Udako Antzerki Eskola eskainiko da

aurten, eta tartean, arte eszenikoen inguruko lau egile-ikastaro.

Argiztapenaren, eszenan egotearen eta aktoreen zuzendaritzaren inguruko gaietan sakontzeko ikastaroak eta antzezpen-jolasari buruzko tailerra izango da. Jasone Alba, Edi Naudo, Espe Lopez eta Eneko Olasagasti arduratuko dira eremu horiek dinamizatzeaz, eta interesatuek horien gaineko ezagutza edo esperientziaren bat izan beharko dute.

Amaitzeko, Aiete Kultur Etxeak ere eskainiko ditu honelako hamar ikastaro, eta proposamen horien artean, kultur etxetik kanpo garatuko direnak edo ingeles eta alemanez emango diren haur eskulanen tailerrak nabarmentzen dira.

ORDUTEGIA ETA MATRIKULAZIOA

Ordutegi-aukera ezberdinetara ahal den ondoen egokitzeko helburuarekin, ikastaro gehienak goizez planteatuta egon arren, beste batzuk arratsaldez eskainiko dira. Horien iraupenari dagokionez, bi orduko, ordu eta erdiko zein ordu bateko ikastaroak daude, ikastaroen eduki eta dinamiketara egokituta.

Bestalde, aurten aurreratu egin da matrikulatzeko epea, interesa duten pertsonek udako aisialdia denboraz antolatzerik izan dezaten.

Matrikulatzeko epea maiatzaren 18an hasi eta ekainaren 1ean amaituko da, hiriko kultur etxe guztietan (Larratxon kokatutako Altzakoan,

Intxaurrondo Berrin eta Egiakoan izan ezik). Ohikoa denez, ez da beharrezkoa izango ikastaroa egingo den kultur etxean bertan matrikula egitea. Plaza mugatuak dira.