Donostia Kulturaren gune guztietan euskararen erabilera bermatuta dago

Actualizado: martes, 3 marzo 2015 17:13
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 3 (EUROPA PRESS)

   Donostiako Udalak "Kulturan ere euskaraz" kanpaina abiarazi du, beste eremutan egin bezala, kulturaren alorrean ere euskara sustatzeko ekimena. Donostia Kulturak herritarrari lehen hitza euskaraz egiteko konpromisoa hartu du -udal protokoloaren egokitzapena egin du-, hiriko kultur azpiegitura guztietan herritarrak euskaraz artatuak izango direla bermatzeko asmoz.

   Horrela, hiriko kultur gune guztien harrera puntuetan enarak eta eranskailuak jarriko dira leloaren aldaera ezberdinekin: "Antzokian ere euskaraz", "Kultur Etxean ere euskaraz", "Museoan ere euskaraz" edo "Liburutegian ere euskaraz". Bideo bat ere egin da kanpaina ezagutzera emateko.

   Nerea Txapartegi Donostiako Udaleko Euskara eta Kultura arduradunak nabarmendu du "euskararen normalizazioaren bidean beste urrats bat" dela. "Donostia Kulturak kudeatzen dituen gune guztietan euskararen erabilera bermatzen da gaur egun. 71 langilek dihardute harrera eginkizunetan, eta guztiek euskaraz aritzeko gaitasuna dute; hortaz, euskaraz artatuak izateko eskubidea bermatzen da", azaldu du.

   Herritarrei, bada, euskaraz aritzeko deia ere egin die Txapartegik, eta, San Telmo Museora, antzokietara, kultur etxeetara edo liburutegietara gerturatzen direnean euskaraz egitera gonbidatu ditu herritarrak, "beraiei ere euskaraz zuzenduko baitzaizkie langileak".

   Donostia Kulturako langile guztien %85etik gora gai da herritarra euskaraz artatzeko. Azpimarratzekoa da, gainera, zenbait zerbitzutan, kultur etxeetan, batez ere, langile guztiak direla gai herritarrari harrera euskaraz egiteko eta herritarren beharrei euskaraz erantzuteko.

   Donostiako Udalak "Udalean ere euskaraz" kanpaina jarri zuen abian iaz eta orain beste eremuetara zabaltzen ari da egitasmoa, merkataritza eta kulturaren eremuetara, alegia. Udal Gobernuak euskararen erabilera sustatzeko hartzen ari den neurrien baitan kokatu du kanpaina Txapartegik.

   "Udal Gobernu honek konpromiso irmoa dauka euskararekin, bai bere normalizazioa eta bai bere erabilera sustatzearekin, eta euskara eremu guztietan sustatzen jarraituko dugu, udaletxean, dendan, tabernan, kultur etxean, liburutegian, kalean edo etxean, Donostia Euskararen Hiria baita", esan du.