Donostia Kulturak euskal musikan aritu diren artistak aintzatetsiko ditu Adarra Sariarekin

Txapartegi eta Martin, Adarra Sariarekin
Foto: DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: jueves, 6 marzo 2014 16:07

DONOSTIA, 6 (EUROPA PRESS)

   Donostia Kulturak Adarra Saria sortu du, euskal musikaren alorrean jardun duen artista baten ibilbidea eta lana aitortzeko. Sari hori urtero emango da Victoria Eugenia Antzokian, ekainaren 21ean, Musikaren Europako Egunean.

   Nerea Txapartegi Donostiako Udaleko Kultura arduradunak eta Miguel Martin Donostia Kulturako Musika arloko arduradunak emandako prentsaurrekoan azaldu dute saria eskultura bat izango dela (garaikur baten tamainakoa) eta Donostia Kulturak Marijose Recalde artista iruindarrari egin dio sariaren garaikurra egiteko enkargua. Lana irudi neutro bat da, adar bat duena, musikaren jatorria iradoki nahian, adarrak naturarekin eta jatorrizkoarekin duen zerikusia dela medio.

   Zehazki, Adarra Sariaren bidez euskal musikaren garapenean eta bilakaeran "eragin garrantzitsua izan duten artisten ibilbide musikala" saritu nahi du Donostia Kulturak.

   Ildo horretan, ondorengo alor hauetan egindako ekarpena balioetsiko da bereziki, baina ez hauetakoa soilik: euskal folkloreko pieza tradizionalak berreskuratzea eta eguneratzea; bere jatorrizko piezak herri kantutegira gehitzea; euskal musikako beste interprete batzuengan eragina izan duen estiloa sortu izana; beste musika estilo batzuekiko lankidetza eta eragiteko moduak irekitzea; artista belaunaldi berriei laguntzea eta belaunaldien arteko lan ildoak irekitzea; eta bere lana Euskal Herritik kanpora zabaltzea eta, ondorioz, euskal musika jendarteratzea.

   Sariaren irabazlea erabakitzeko, Donostia Kulturak, urtero, Aholkularitza Batzorde bat eratuko du, musika kritikariak, tokiko kulturaren ordezkariak eta Donostia Kulturako bertako kideak osatua.