Donostia Zinemaldiak, IBAIAk eta Biarritzeko FIPAk ikus-entzunezko industria sustatzeko hitzarmena sinatu dute

Hiru erakundeetako arduradunak
Foto: PIERRE BACHELOT/DONOSTIA ZINEMALDIA
Actualizado: martes, 21 enero 2014 16:16

DONOSTIA, 21 (EUROPA PRESS)

   Donostia Zinemaldiak, IBAIA Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak eta Biarritzeko FIPA Ikus-entzunezko Programen Nazioarteko Jaialdiak bi ekitaldiotan ikus-entzunezko industria sustatzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute astearte honetan, urtarrilaren 21ean, Biarritzeko jaialdiaren 27. edizioa inauguratu den egunean.

   Hiru erakundeetako ordezkari nagusiak izan dira akordioaren sinadura ekitaldian: Francois Sauvagnargues, FIPAko zuzendari nagusia; Jose Luis Rebordinos, Donostia Zinemaldiko zuzendaria; eta Joxe Portela, IBAIAko lehendakaria. Hiru erakundeek 2007an hasitako lankidetza konpromisoaren bidean aurrera egitea ahalbidetuko du akordioak, urte hartan sinatu baitzuten harreman esparru berri hau indartzeko oinarriak jarri zituen lehen hitzarmena.

   Zehazki, hiru erakundeek Donostiako eta Biarritzeko ekitaldiei buruzko informazioa zabaldu eta sustatuko dute nazioarteko ikus-entzunezko proiektuen parte hartzea bultzatzeko, eta ekitaldi bakoitzeko proiektuetako hautaketa batzordeetan parte hartuko duen ordezkari bat izendatuko dute.

   Halaber, foro bakoitzean aurkeztutako proiektuei beste foroan parte hartzeko aukera emango diete, eta bi onenei izen ematea eta ostatu gastuak ordaindu, sari gisa. Gainera, beste foroko ordezkaria norberaren foroan hartuko dute.

   Akordio honenn bidez, Europako profesionalen arteko harremanak sendotzeko beren borondatea eta konpromisoa berretsi dute alderdi sinatzaileek, betiere baterako proiektuak garatu eta eskualdeetako ikus-entzunezko industria indartzeko.