Donostiako 2017ko hondartza denboraldia abian

Kontxa, Donostian
Europa Press
Actualizado: viernes, 2 junio 2017 13:49

DONOSTIA, 2 (EUROPA PRESS)

Donostiako Udalak irekitzat jo du 2017. urteko hondartza denboraldia, eta Miguel Angel Diez Hondartzetako zinegotziak aurtengo berritasunak aurkeztu ditu ostiral honetan. Horrela, besteak beste, oinak garbitzeko lau toki berri jarri dira, Ondarreta hondartzan mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonentzako eremu bat mugatu da eta Zurriolan surfean aritzeko aldeak eta ordutegiak arautzeko beste xedapen bat onartu da.

Diezek azaldu duenez, oinak garbitzeko gune berrietako bi Zurriola hondartzan jarri dira -bat Mariaren Bihotza ikastolako kaiolatik hurbil eta bestea hondartzako erdiko sarreran. Kontxan oin ikuztegi bat jarri da Cervantes plazaren aurreko arrapalan, eta laugarren oin ikuztegi berria erlojuetako arrapalan ezarriko dute, Biribilgunea izeneko aldean lanak amaitu ondoren.

Hondartzeko zinegotziak adierazi du Ondarreta hondartzan mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonentzako eremu bat mugatzea dela 2017ko udako denboraldiko beste berritasunetako bat. Loretope aldetik hurbil egongo da eta 25 metro koadro izango ditu. Ekainaren erdialdetik aurrera erabiltzeko moduan egongo da.

Bestalde, Zurriolan surf egiteari dagokionez, joan den maiatzaren 9an ebazpen bat onartu zuen Donostiako Udalak Zurriola hondartzan surferako eremuak mugatzeko. Zehazki, zinegotziak xedatu duenez, surfean jardun dezakete surflariek, salbamendu eta sorospen zerbitzuak egonez gero, hondartzaren eskuinaldeko 300 metroko itsasalde batean; hasiberriak eta ohol bigunak besterik ez darabilten eskoletako ikasleak, aldiz, Kursaaleko eraikinen aurrez aurreko 100-150 metroko itsasalde batean ariko dira, bi bainu aldeen artean (barrako harkaitzetatik 100 metrora).

Surfean aritzeko ordutegiak ondoko hauek izango dira: 10:00etatik 15:00etara astelehenetik ostiralera eta 10:00etatik 12:00etara larunbat, igande eta jaiegunetan. Banderatxo gorriak eta urdinak ezarriko dituzte hondartza bazterrean, eremuak mugatzeko.

Surf eskolei dagokienez, gehienez zortzi egongo dira, 15na ikaslerekin, hasiberrientzako aldean, eta 30na ikaslerekin, 300 metroko aldean. Gainera, surf kartel berriak ezarriko dituzte Zurriola hondartzako erabiltzaileen elkarbizitza hobetzeko.

BI ZATI

Hondartza denboraldi berriak bi zati ditu: ekainaren 15etik irailaren 15era hondartzek zerbitzu guztiak izango dituzte -olanak, etzaulkiak, gabarroiak eta abar-, eta ekaineko eta iraileko lehen hamabostaldietan oinarrizko zerbitzuak baino ez.

Eguzkitako eta olanei dagokienez, Kontxan 440 olan izango dira (zortzi ezgaitasunen bat dutenentzat egokituta), Ondarretan 198 eguzkitako, 424 olan eta 98 karpa, eta Zurriolan 240 olan. Bestalde, guztira, 32 komun, 49 dutxa eta 40 iturri dituzte Donostiako hondartzek.

Diezek zehaztu duenez, aurreko urteetan bezala, Gurutze Gorriko 24 soroslek zainduko dituzte hondartzak ekainaren 1etik irailaren 30a arte: goizeko 10:00etatik arratsaldeko 20:00etara denboraldi nagusian (ekainaren 15etik irailaren 15era) eta 10:30etik 18:30era ekaineko lehen hamabostaldian eta iraileko azkenean. Zazpi sorosle Kontxan izango dira, sei Ondarretan eta hamaika Zurriolan.

Lehen sorospenetarako botika kutxa bat, desfibriladore bat eta abar egongo dira hondartza bakoitzean eta uhartean. Zurriola hondartzan, laguntza sorospen etxola bat du ezarrita Gurutze Gorriak mendebaldean. Udaltzaingoaren ibilgailu bat ere ezartzen da Zurriola hondartzan, salaketak zuzenean bideratzeko.

Azkenik, beste urteetan bezala, haurrak identifikatzeko eskumuturrekoak izango ditu Gurutze Gorriak hala nahi duten guztien eskura. Hartan, umearen izena eta, galduta topatuz gero, harremanetan jartzeko telefonoa agertzen dira.