Donostiako alkatea Ramallahn izango da gaur eta bihar, Palestinarekiko Elkartasunerako Nazioarteko Biltzarrean

Actualizado: viernes, 21 noviembre 2014 10:40

DONOSTIA, 21 Nov. (EUROPA PRESS) -

Zisjordaniako Ramallah hirian egiten ari diren Palestinar Herriarekiko Elkartasunerako Nazioarteko Biltzarrean izango da Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea gaur eta bihar, azaroaren 21ean eta 22an. Topaketa honetan, Palestinako Estatuaren eraikuntzan bertako udalek duten garrantziarekin batera, mundu mailako udal eta herri erakundeetatik bakearen eraikuntzan egiten diren ekarpenak aztertuko dituzte. Horrekin batera, bakearen aldeko lanean ari diren udal eta ordezkarien arteko harremanak sendotzeko ere balioko du.

Donostiako Udalak jakinarazi duenez, gaur bertan irekiko du biltzarra ofizialki Mahmoud Abbas presidenteak, eta igandera arte iraungo du. Izagirrek larunbatean hitz egingo du, goizeko 09:30ean (Ramallahko ordua), "Nazioarteko Espierentzietatik Ikasten" izenburupean antolatutako agerraldian.

Donostiako alkateak aurreratu duenez, "Donostian egiten ari garenaz hitz egingo dut, gure esperientziak munduko beste lekuetan ezagut ditzaten. Baina, batez ere, Palestinar herriarekiko elkartasuna adieraztera nator, gure babesa, eta gure laguntza guztia ematera. Indarkeriak eta askatasun ezak hainbeste kolpatutako herrialdea izanik, Donostia eta Euskal Herria haiekin daudela adierazi nahi diet".

Bestalde, biltzarrarekin batera, Juan Karlos Izagirrek eta Ramallahko alkateak hitzarmena sinatuko dute bi hirien arteko harremanak sendotzeko. Donostiako alkateak azaldu duenez, "nazioarte mailan egiten ari garen harremanetan, garrantzia berezia ematen diogu honi: Donostia bakearen erreferente izatea nahi dugu, gero eta gehiagorentzat, gero eta leku gehiagotan. Baina elkartasunaren erreferente ere bai, eta horregatik estutu nmahi ditugu Ramallahrekin ditugun harremanak. Sendotze honek emango dituen fruituak oso onak izango dira alde guztiontzat".