Donostiako danborradaren bandera igotzea eta jaistea ikusteko tokiak zozkatu dira

Zozketan zenbakia atera duten unea
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: martes, 15 enero 2013 13:04

DONOSTIA, 15 Ene. (EUROPA PRESS) -

Guztira, 3.011 herritarrek eman dute izena San Sebastian eguneko jaiaren hasieran bandera igotzeko eta bukaeran jaisteko ekitaldia Konstituzio plazan edo Plaza Berrian dagoen Udal Liburutegiko lehenengo solairuko balkoitik ikusi ahal izateko. Horien artean zozketa egin da, Donostiako udaletxeko Udalbatza aretoan, generoaren arabera eta hiru adin tartetan banatuta.

Haur danborradako Sara Huegun jeneralak (Larramendi ikastetxea) eta Aimar Ezeiza danbor nagusiak (Ikasbide ikastola) 2.564 zenbakia atera dute kutxa batetik, eta hortik aurrerako zenbakiak hartuta osatuko da ekitaldi bakoitzean balkoian tokia izango duten pertsonen zerrenda. Zerrenda hori argitaratu da www.donostia.org webgunean.

Era berean, balkoian egotea egokitu zaien pertsona guztiei telefonoz deituko zaie, joateko asmoa daukaten baieztatzeko. Egun bakoitzean 33 herritarrek eta haiek aukeratutako laguntzaile banak izango dute balkoian egoteko aukera; beraz, guztira 162 herritar dira.

Izena eman duten pertsona guztiak bi taldetan banatu dira, emakume edo gizon izatearen arabera, eta bi talde horietako bakoitza beste hiru taldetan, adin tartearen arabera: 18-35 urtekoak, 36-65 urtekoak eta 66 urtetik gorakoak). Aipatutako zenbakitik aurrera dauden lehenengo 33 pertsonek banderaren altxatze ekitaldira joateko aukera izango dute eta hurrengo 33ek banderaren jaiste ekitaldira.

Bertaratuko direla telefonoz baieztatzerakoan, egun berean gehienez ere bi aldiz deituko zaie, ordu ezberdinean, eta erantzun ezean galdu egingo dute balkoian egoteko tokia. Kasu horretan, zerrendako hurrengo dagoen pertsonari deituko zaio. Datuak Babesteko Legea dela-eta, webgunean ez da tokia lortu duten pertsonen izenik argitaratuko, haien NAN zenbakiak baizik.

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak poz handia adierazi du parte-hartze "izugarriarengatik", eta herritarrek, udal ordezkariek bezala, ekitaldiak balkoitik ikusi ahal izatea "denontzat ohorea" dela nabarmendu du. Dena den, gainerako herritarrek ere festaz gozatzeko parada izango dutela gaineratu du -dela Konstituzio plazan bertan, dela bestelako lekuetan-, eta garrantzitsuena ondo pasatzeko gogoa dela.