Donostiako Dock Of The Bay musika dokumentalen jaialdia hasiko da datorren astelehenean

Actualizado: viernes, 3 enero 2014 16:22
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 3 (EUROPA PRESS)

   Donostiako Dock Of The Bay musika dokumentalei buruzko jaialdiaren zazpigarren edizioa hasiko da datorren astelehenean, urtarrilaren 6an, eta 14 film eskainiko ditu lehiaketan eta beste lau lehiaketatik kanpo Trueba zinema aretoetan eta Antzoki Zaharrean, urtarrilaren 12ra bitartean. Filmez gain, kontzertuak eta erakusketa bat ere izango dira.

   Antolatzaileek nabarmendu dutenez, musika dokumentalaren arloan "erreferente izaten jarraitzeko apustua" egin du jaialdiak aurten ere. Hainbat film lehen aldiz eskainiko ditu eta jaialditik kanpo "nekez topa daitezkeen" lanak ere aurkeztuko ditu Trueba zinema aretoetan eta Antzoki Zaharrean.

   Gainera, ikusleen babes ekonomikoa izan du jaialdiak helburu hori lortzeko. Izan ere, 'crowdfunding' edo finantziazio kolektiborako kanpaina bat jarri zen martxan, 7.500 euro biltzeko asmoz, eta azkenean 8.020 euro jaso dira. Antolatzaileek zehaztu zutenez, ez dute inolako irabazirik izango, jaialdia finantzatu eta eskaintza zabaltzera bideratu baitute ekarpen oro.

   Lehiaketa eta lehiaketaz kanpoko edo erakusketarako filmez gain, zuzeneko musika ere eskainiko du Dock Of The Bay jaialdiak. Horrela, urtarrilaren 10ean, Parrots eta Cooper arituko dira, 20:00etan, Intxaurrondoko Kultur Etxean, eta 00:00etatik aurrera, festa egingo dute Le Bukowski kluban, bertako hainbat DJk girotuta.

   Urtarrilaren 11n, Musikagela gunean entseatzen duten musikarien klipak izango dira, hau da, Luke Amstrong, Tristan Crowley, Jan Fol, June Calsor, El Octavo Arbol, Frank, The Rock Sifredi Band eta Underneed taldeenak proiektatuko dituzte, 18:00etan, Antzoki Zaharrean.

   Halaber, aurten ere proiekzio irekia izango dira Donostiako Forum FNAC gunean, jaialdiaren ondoren, hain zuzen, urtarrilaren 13, 14, 15, 16, 21, 22 eta 28an. Horien artean izango da "Searching for Sugar Man", iaz jaialdiak ekarri eta ikusleen harrerari esker aste luzetan Trueba zinema aretoetan ikusgai egon zen filma. Erakusketa bat ere izango da urtarrilaren 7tik 31ra: Javier Castroren "Underground Ilustratua". Intxaurrondoko Kultur Etxean izango da ikusgai.

   Jaialdiaren sari banaketa urtarrilaren 12an izango da. Musika dokumental onenak 2.000 euroko saria jasoko du, Felipe Cabrerizo, Joan Pons, Eulalia Iglesias, Julian Elizalde eta Concha Barquerok osatutako epaimahaiaren eskutik.