Donostiako Emakumeen Etxeak hainbat ikastaro antolatu ditu, literatura feminista ardatz hartuta

Actualizado: jueves, 18 septiembre 2014 15:10

DONOSTIA, 18 Sep. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Emakumeen Etxeak hainbat ikastaro antolatu ditu ikasturte berriari begira, literatura ardatz hartuta. Zehazki, feminismoa eta literatura uztartuko dituzten hiru eskaintza izango dira: Literatura Feminista Ikastaroak, bat euskaraz, Iratxe Retolazaren eskutik, eta bestea, gazteleraz, Merche Trancheren eskutik; eta bestetik, Irakurle Eskola Feminista.

Naiara Sampedro Donostiako Berdintasun zinegotziak Emakumeen Etxearen eskaintzaren aurkezpenean nabarmendu du literatura feministaren inguruko programa oparoa eta sendoa izango dela.

Iratxe Retolazak zuzenduko duen ikastaroak euskal literaturan sexualitatea nola jorratu den izango du ardatz. Urritik ekainera bitartean egingo diren irakurketa saio hauetan literaturara hurbiltzeko bi begirada gurutzatuko dira: batetik, sexualitatearen eraikuntzaren eta errepresentazioaren inguruko hausnarketa, eta bestetik, begirada feminista.

Bestalde, Mertxe Tranchek emango ditu gaztelaniazko ikastaroak, eta emakumeek gaztelaniaz idatzitako literatura berrirakurtzea izango da helburua. Ikastaroa ostegunetan izango da, hamabostean behin, urritik ekainera, 19:00etatik 21:00etara, eta izenburua "Bentanazaleak" izango du.

Azkenik, Irakurle Eskola Feminista egingo da, hau ere Iratxe Retolazaren eskutik. Bere hitzetan, irakurle taldeetan pentsamendu feministan arakatzea izango da helburua, eta pentsamendu feministak sorturiko galderak, kezkak, giltzarriak eta diskurtsoak izango dira eztabaidagai. Horretarako, hainbat irakurgai (testu solteak, artikuluak edo liburuak) landu, eta horien inguruko gogoeta egingo dute, beti ere, diskurtso feministek zabaldu dituzten bidezidorretan ibiltzeko asmoz.

Irakurle Eskola Feministak urriaren 9an, azaroaren 27an, abenduaren 18an, urtarrilaren 29an, otsailaren 26an, martxoaren 26an, apirilaren 23an, maiatzaren 21ean eta ekainaren 18an izango dira.