Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XXV. Asteak Gazteen Epaimahaian izena emateko epea irekiko du urrian

Actualizado: lunes, 29 septiembre 2014 14:28

DONOSTIA, 29 Sep. (EUROPA PRESS) -

Bederatzigarren urtez jarraian, Donostiako Udaleko Gazteria Atalak Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean parte hartuko du, Gazteen Epaimahaia eratuz. Epaimahai honek film laburren irabazlea aukeratuko du eta 25. edizioko Film Laburrik Onenaren Gazte Saria emango du. Horrela, epaimahaian parte hartu nahi duten gazteek urriaren 1etik 10era izango dute izena emateko epea.

Fantasiazko eta Beldurrezko Zine Astearen antolatzailea den Donostia Kulturako Zine Atala eta Donostiako Udaleko Gazteria Atala bat eginda ari dira lanean, aurreneko edizioan 14 gaztek eta aurten 150ek osatutako gazteen epaimahaiaren betekizuna eta irudia indartzeko asmoz.

Gazteen Epaimahairako hautatukoek Antzoki Zaharrera azaldu beharko dute urriaren 24an, arratsaldeko 16:00etan, han emango baitituzte lehiaketara aurkeztutako film labur guztiak (hiru orduko iraupena izango du guztira). Emanaldiaren ondoren, epaimahaikide bakoitzak bere botoa eman beharko du. Boto horien arabera erabakiko da zein filmek irabaziko duen Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XXV. Asteko Film Laburrik Onenaren Gazte Saria. Epaimahaiko bi gaztek, horretarako propio aukeratuak, jakinaraziko dute saria.

Gazteen Epaimahaiko izateko, jende askori bidali dizkio Gazteria Atalak informazioa eta deialdia, haala nola hirian dauden gazte elkarteei, Gazteria Atalaren zenbait programatan (Gazteen Antzerki Topaketan, Elkartrukeetan) parte hartu duten gazteei, Larrotxene kultur etxeari, interesekoak diren ikastegiei, unibertsitate eta fakultateei eta Gazte Informaziorako Zerbitzuaren aldizkari elektronikoaren harpidetuta dauden 1.000 gazteei.

Gazteen Epaimahaian parte hartu nahi dutenek 18 eta 30 urte bitarte izan behar dute (erreferentzia 2014ko urriaren 24a izango da, egun horretan baita Gazteen Epaimahaiarentzako emanaldia). Epaimahaian parte hartzeko, diren tokiak (150) baino eskari gehiago izanez gero, Donostian erroldatuta daudenek izango dute lehentasuna eta, hala ere beharrezkoa bada, zozketa egingo da. Zozketaren ondoren, hautatuek emanaldira etorriko direla baieztatu beharko dute, eta bestela itxaron zerrendara joko da epaimahaia osatzeko.

Bestalde, epaimahaiko kide guztiek ondorengoa jasoko dute: XXV. Beldurrezko eta Fantasiazko Astean Victoria Eugenia antzokian proiektatuko diren emanaldietara (umeentzako filmetara izan ezik) joan ahal izateko bi abonu, katalogo ofiziala eta '2.000 Maníacos' fanzine berezia.

Izena emateko Gazteria Sailaren web orrira jo behar da, eta "Gazteak +18, Kultura, Fantasiazko Beldurrezko Zinema" atalean izena emateko fitxa bete. Webgune horretan zozketaren emaitzak ere ikusi ahal izango dira, eta hautatutako gazteek etorriko direla baieztatu ahal izango dute ere.