Donostiako Hiritar Merezimenduaren Dominarako hautagaiak proposatzeko epea azaroaren 30ean bukatuko da

Publicado: sábado, 18 noviembre 2017 10:53

DONOSTIA, 18 Nov. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Udaleko Herritarren Partaidetzako Zerbitzuak Hiritar Merezimenduaren Domina jasotzeko hautagaiak proposatzeko epea azaroaren 30ean amaituko da. Sariak 2018ko urtarrilaren 19an banatuko dira, San Sebastian eguna dela eta, Donostiako Udalak jakinarazi duenez.

Hiritar Merezimenduaren Domina jasotzeko hautagairen bat aurkeztu nahi dutenek udal erregistroko edozein bulegotan egin ahal izango dute (udaletxea, Easo, Morlans, Altza, Herritarren Partaidetza Zerbitzua eta kultur etxeak). Domina jasotzeko pertsona edo elkartea zehaztu beharko dute, eta saria jasotzeko arrazoiak eman beharko dituzte.

Herritarren Partaidetzako Zerbitzuak proposamenak tramitatu eta hautagaitza bakoitzeko espedienteak egingo ditu, pertsona edo elkartearen merituak azalduz. Donostiako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak erabakiko du abenduaren bigarren hamabostaldian zeintzuk jasoko duten saria. Gehienez bost domina eman ahal izango dira.

Eneko Goia alkateak banatuko ditu Hiritar Merezimenduaren Dominak. Ekitaldia 2018ko urtarrilaren 19an egingo da, arratsaldean, Donostiako udaletxeko udalbatza aretoan.

Bestalde, azken egunotan, Herritarren Partaidetza Zerbitzuak Urrezko Danborrerako jasotako hautagaien proposamenak aztertu ditu, eta datorren astelehenetik www.donostia.eus webgunearen Urrezko Danborrari buruzko atari berezian ikusgai egongo dira.