Donostiako Intxaurrondo Kultur Etxeak larunbatean irekiko ditu ateak

Intxaurrondo Kultur Etxea
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: viernes, 16 diciembre 2011 11:38

DONOSTIA, 16 Dic. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Intxaurrondo Kultur Etxea zabalduko da larunbat honetan, abenduaren 17an. Areto nagusiak ekipamendu eta azpiegitura egokiak ditu musika zein antzerki emanaldiak hartzeko, bai eta erakusketa gela, 1.000 metro karratuko liburutegia, txikienentzako bebeteka edota bideoteka. "Intxaurrondo eta Donostiako testuinguru kulturalaren eragile izateko" helburuarekin jaio da Intxaurrondo Kultur Etxea.

Donostiako Udaleko iturriek adierazi dutenez, orain arte Intxaurrondo Berrik egindako lanaren jarraipena izango da, baina hazkunde kualitatibo eta kuantitatibo nabarmen batekin. Donostiako beste auzoetan dauden kultur etxeekin batera, hiriko aisialdirako eta kulturarako zerbitzuen sarea osatuko du Intxaurrondo Kultur Etxeak.

Horrela, hirian sortu diren aisialdirako eta kulturako beharrizanei erantzuten saiatu da Udala, Donostia Kultura erakundearen bidez, eta orain arte zentroak eskaintzen duen kirol eskaintzari kulturakoa erantsiko zaio abendutik aurrera.

Otxoki pasealekuan dauden instalazio berrien kokagunea hirigunetik hamar minutura egongo da garraio publikoari esker. Ondorioz, Intxaurrondoko auzokideez gain, donostiar guztiak erraz heltzeko moduko kokapena izango du etorkizunean.

Areto nagusiak ekipamendu eta azpiegitura egokiak ditu musika zein antzerki emanaldiak hartzeko, eta erakusketa gelak, 1.000 metro karratuko liburutegiak, txikienentzako bebetekak, bideotekak, infotekak, kanpoaldearekin harremanetan egoteko patioak, eskaera ezberdinetarako diseinatutako gela balioanitzak eta dantza nahiz musika gelek kalitatezko zerbitzu integral bat eskainiko die hurbilduko den erabiltzaile orori.

Gainera, gazteei eta txikienei zuzendutako gune propioak eskainiko dituzten Gazteleku eta Haurtxoko zerbitzuak jarri dira. "Instalazio hauek guztiak herritarrei zuzenduko den programazio kultural anitza eta irekia gauzatzeko tresna aproposenak izango direlakoan sortu dira", Donostiako Udaletik ziurtatu dutenez.