Donostiako memoriaren erretratu bat islatzen duen dokumentua jaso du alkateak

Bileraren une bat
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: viernes, 30 enero 2015 16:26

DONOSTIA, 30 Ene. (EUROPA PRESS) -

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak eta Naiara Sampedro eta Jon Albizu zinegotziek harrera egin diete gaur, urtarrilaren 30ean, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusiari eta Aintzane Ezenarro Bake eta Bizikidetzako Idazkaritzako aholkulariari. "1960 eta 2010 artean bizitzeko eskubidearen aurka izandako urraketen udal erretratua" eman dio bileran Fernandezek Izagirreri.

Donostiako alkateak eskerrak eman dizkio, "hiri honetan zer nolako sufrimendua egon den jakiteko" balioko duelakoan. Donostiako Udala hiriko Sufrimenduaren Mapa lantzen ari da, hainbat dokumentu ofizial eta ez ofizial oinarri hartuta, eta Jaurlaritzak landutako dokumentua mapa horren osagarri izango dela azaldu du. "Arlo honetan eginiko edozein ekarpen positiboa da inklusiboa eta irekia bada", esan du.

Bestalde, Jonan Fernandezek azaldu du Eusko Jaurlaritza udalerri bakoitzeko dokumentu bana osatzen ari dela. "Berriro errepikatu behar ez den giza erretratua da, bidegabeki hildako biktima bakoitzaren sufrimenduaren erretratua", adierazi du. Donostian hildakoak eta beste herri batzuetan hildako donostiarrak biltzen ditu, eta memoriarekin eta biktimekin konprometitutako udal politikak bideratzeko lagungarri izatea du helburu.