Donostiako "Oporretan Euskaraz" udalekuetan izena emateko epea datorren astean irekiko da

"Oporretan Euskaraz" udalekuak
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: viernes, 5 mayo 2017 12:06

DONOSTIA, 5 (EUROPA PRESS)

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak urtero uztailean antolatzen dituen "Oporretan Euskaraz" udaleku irekietan parte hartzeko izena eman ahal izango da maiatzaren 8tik 12ra. Izen ematea Internet bidez egin ahalko da www.donostiaeuskaraz.eus edo www.donostia.eus webguneetan, eta 09:00etatik 15:30era Udal Euskara Zerbitzuaren bulegoan, Konstituzio plazaren 2an.

Donostiako Udalak jakinarazi duenez, aurtengo udaleku irekietan 2006tik 2012ra bitartean (bi urteak barne) jaiotako haur donostiarrek har dezakete parte. Taldeak, gehienez ere, 12 haurrez osatutakoak izaten dira eta hizkuntza ereduaren, jaiotze urtearen eta jasotze puntuaren arabera eratzen dira. Izena eman duten haur guztien zerrenda maiatzaren 15an ikusgai egongo da www.donostiaeuskaraz.eus eta www.donostia.eus web orrietan. Egun horretan, zerrendan ager daitezkeen datu okerrak zuzentzeko aukera egongo da.

Plazak zozketa publiko bidez eskainiko dira 76 talde osatu bitartean. Zozketa maiatzaren 17an egingo da eta emaitzak egun berean jarriko dira jendaurrean www.donostiaeuskaraz.eus eta www.donostia.eus webguneetan, arratsaldez.

Udaleku hauek uztailean zehar egiten dira, astelehenetik ostiralera, 09:30etik 13:30era. Astean behin egun osoko irteera izaten dute haurrek, 09:30etik 17:00etara, haur hezkuntzakoek izan ezik. Mota guztietako jarduerak egiten dituzte: hondartzara joaten dira, hiriko parke eta lorategietan jolasak egiten dituzte, euria egiten duenean eskola edo haur txokoetako gelak erabiltzen dituzte jolas, tailer eta txapelketak egiteko, ingurumena lantzen dute. Udan Donostian bideratzen diren beste hainbat ekimenetan ere parte hartzen dute: Jazzaldia, Pilota Eskola, San Telmo Museoa.

KUOTAK

Hilabete osoko kuota arrunta 157,69 eurokoa da, eta aurten lehen aldiz, guraso bakarreko familiek kuotaren %75 ordainduko dute, hau da, 118,26 euro, baldin eta bere 2015eko diru sarrerak 22.701 euro baino gutxiago direnean (lanbide arteko gutxieneko soldata 2,5 aldiz baino txikiagoa).

Orain arte egin diren gainerako murrizpenak ere bere horretan jarraituko dute. Familia ugariek %75 ordainduko dute (118,26 euro), familia ugari bereziek kuotaren %50 (78,84 euro) eta gizarte laguntza jasotzen duten familiek kuotaren %10 (15,76 euro). Prezio honetan garraioa eta materiala barne daude.

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak 25 urtetik gora daramatza udaleku hauek antolatzen eta "euskararen normalizazioan eragiteko tresna baliagarria da oso, udaleku horiek euskara lantzeko eta erabiltzeko helburua ondo betetzen dutelako, Donostiak eskaintzen dituen jolas eta aisiarako aukerak baliatuz".