Donostiako ordezkaritza batek Kolonbia bisitatu du, enpresen nazioartekotzea sustatzeko helburuarekin

Ordezkari donostiarrak Kolonbian
DONOSTIAKO UDALA
Publicado: martes, 15 abril 2014 14:12

DONOSTIA, 15 Abr. (EUROPA PRESS) -

Gari Mujika Donostiako Alkatetzako idazkaria, Euken Sese Donostiako Sustapeneko kudeatzailea eta Yagoba Albillos Gipuzkoako Foru Aldundiko nazioartekotzeko arduraduna buru zituen ordezkaritza batek Kolonbiako agintari eta erakunde gailenekin hainbat topaketa izan ditu, enpresen nazioartekotzea sustatzeko helburuarekin egindako bidaian, Donostiako Udaleko iturriek jakinarazi dutenez.

Zehazki, Bogotako Merkataritza Ganbera, Invest in Bogota agentzia, Bogotako Alkatetza Nagusiko Ekonomiaren Sustapen Saila eta Euskal Etxeko enpresariak bisitatu dituzte, eta Donostia kanpoan proiektatzeko dauzkan aukerak aurkeztu dituzte.

Horrez gain, enpresen metaketa eta elkarlana aztertu dute, erronka teknologikoei eta 'smart' arlokoei erantzuteko. Gainera, Donostia 2016 Hiriburutzak bere tokia izan du, maila horretako nazioarteko ekimen batek lankidetza esparruan sor ditzakeen aukeren ikuspegitik.

Topaketa guztiak Gipuzkoako Foru Aldundiak Bogotako Merkataritza Ganberarekin daukan "harreman aktibo eta emankorraren" esparruan egin dira. Gipuzkoako Bazkundearekin laster hitzarmen bat sinatzeko bete-betean lan egiten ari dira.

ITZULIKO BIDEA

Datorren maiatzean Kolonbiako ordezkaritza batek Donostia bisitatuko du, eta hori baliatuz, bisitaldian adostutako konpromiso nagusiak jasoko dituen hitzarmen bat sinatuko dute. Donostiako eta Gipuzkoako enpresak nazioartekotzea, Kolonbiako sektore zehatzetako enpresa edo erakunde garrantzitsuei bisitak eginez; Donostiako bekadunak Kolonbiako enpresetan hartzea; zentro teknologikoen sarearekin elkartrukea egiteko aukerak; hirien arteko ekintzailetza sistema bat babestea, 'Born global start up' delakoak garatuz; eta 2016ko Europako Kultur Hiriburua babestea bilduko ditu hitzarmenak.

Kolonbiako agintari eta erakundeek sektore estrategikoetan enpresen arteko harremanak sakontzeko interesa adierazi dute, Donostiaren garapen ekonomikoari begira, bai ta zentro teknologikoekiko harremana indartzeko ere. IKTen enpresa ereduan berrikuntza produktiboa garatzeko 'Born global' enpresak lankidetza esparru baten barruan ikusten dituzte, "ekintzailetza proiektuen bideragarritasunaren analisi komun batetik abiatuz, merkatu bikoitz baten ikuspegitik".