Donostiako Orfeoiaren abeslariek jantzi berriak estreinatuko dituzte maiatzaren 26an

Donostiako Orfeoiaren jantzi berria
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: martes, 2 mayo 2017 17:23

DONOSTIA, 2 (EUROPA PRESS)

Donostiako Udaleko Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoak -Donostiako Sustapenaren Donostia Moda Klusterraren bitartez- eta Donostiako Orfeoiak akordioa egin dute abeslariek jantziko dituzten jantzi berriak egiteko. Jantziak Donostiako tailerretan egingo direnez, hiriko tailerrek modan duten produkzio gaitasunari balioa emango zaio. Lehen 15 jantziak Donostiako Orfeoiak Balenciagaren "Rachel L. Mellon Collection" erakusketaren inaugurazioan burutuko duen emanaldian estreinatuko dituzte, maiatzaren 26an, Balenciaga Museoan.

Ernesto Gasco Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak adierazi duenez, "Donostiako Sustapenaren Donostia Moda Klusterraren helburuetariko bat da Donostiako moda bultzatzea eta ezagutzera ematea, eta jarduera eremuetariko bat litzateke tailerren eta artisauen azpiegitura garatzea, jantziak egiten parte har dezaten. 'Made in San Sebastián' jantziei esker, nazioartean oihartzuna izatea lortuko dugu, gure hirian egindako arropa ezagutzera eman ahal izango dugulako".

Donostian egingo den jantziak ez du ordezkatuko Balenciagak 1964an diseinaturiko egungoa, elkarrekin biziko baitira. Diseinua Hubert de Givenchyk sortu zuen eskuzabalki, hau da, Getariako maisuarekin lankidetza estua zuen jostunak, eta Lorenzo Caprilek gauzatu du. Jantzi berria 2012an diseinatu bazen ere, krisia dela-eta ez zen ekoiztu ahal izan. Beraz, proiektuari orain berriro heldu zaio Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoaren Donostia Moda Klusterraren laguntzarekin.

Lehen 15 jantziak Donostiako tailer batean egingo dira eta gainerakoak (130) AEG Ikastetxeak CEMEI eraikinean jadanik funtzionamenduan duen laborategi tailerrean. Jantzi berriak ez du izango 1932tik Donostiako Orfeoiko abeslariek jantzitako zuri kolorea, baina joskintzako handietariko bat izateko tradizioari eutsiko dio. Tunika berria beltza da, eta bular azpian begizta arrosarekin errematatutako gerrikoarekin inguratzen da.