Donostiako taxi zerbitzua emateko ibilgailu elektrikoak probatuko dituzte

Taxi elektrikoak probatuko dituzte Donostian
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: martes, 2 mayo 2017 14:07

DONOSTIA, 2 (EUROPA PRESS)

Taxi Donosti eta Vallina Donostiako taxi konpainiek bi ibilgailu elektriko probatuko dituzte datozen bi hilabeteetan, hiriko ohiko taxi zerbitzua emateko. Ibilgailuak auto bat eta furgoneta bat dira eta biek Donostian emango dute zerbitzua hurrengo bi hilabeteetan.

Pilar Arana Donostiako Udaleko Mugikortasun eta Garraietako zinegotziak, Alex Rodriguez Gaursa enprensa banatzailearen zuzendari nagusiak, Gloria Etxebarria Energiaren Euskal Erakundearen garraio saileko arduradunak, Amaia Angulo Ibil enpresako arduradunak eta Donostia Taxiko Josean Lozak eta Vallinako Juan Antonio Arizagak bi ibilgailuen aurkezpena egin dute astearte honetan.

Modu honetan, Donostiako Udalak Replicate europar proiektuaren barruan etapak betetzen jarraitzen du. Proiektua Donostiako Sustapena ari da koordinatzen eta Horizon 2020 programaren finantziazioa du (SCC1 Smart Cities and Communities Europako deialdia). Bristol eta Florentzia hiriek ere parte hartzen dute proiektuan, eta oraingoan, taxiei bideratu zaizkie baliabideak hirian ematen duten zerbitzua hobetzeko.

Helburua da taxien flota pixkanaka berritzea eta ibilgailu erosoagoak eta hiriarekin zein hiritarrekin atseginagoak izatea, bai ingurumena kontuan hartuta, bai erabiltzailearen erosotasuna eta ingurua kontuan hartuta. Hori guztia aintzat izanda, marka ezberdinetako ibilgailu elektrikoak probatzen ari dira eta taxi gidarien iritzia jasoko da ibilgailuaren erabilerari buruz.

Lehendabiziko probak Mercedes-Benz markako Goiko-Auto kontzesionarioaren eskutik egin ziren, eta astearte honetan Nissan markako Gaursa banatzaileak hartuko die txanda. Datozen bi hilabeteetan probatuko diren bi ibilgailuak Nissan markakoak dira. Proba horiek benetako erabilera baldintzetan egingo dira eta, ondorioz, taxi gidariek zein zerbitzuaren erabiltzaileek probatuko dituzte ibilgailu elektrikoak eta horrelako ibilgailu batean bidaiatzea zer den ikusteko aukera izango dute.