DONOSTIA, 21 Feb. (EUROPA PRESS) -
Donostiako Udalak maiatzaren 1ean jarriko du martxan Alde Zaharreko sarbideak, hornidura-eremuak eta zirkulazio noranzkoak arautzeko sistema berria. Asteazken honetan hasiko da obra zibila, eta martxoaren erdialdean bukatuko dela aurreikusi da.
Herritarrak -bereziki Alde Zaharreko auzotarrak- informatzeko kanpaina martxoaren 1ean hasiko da eta apirilaren 15ean bukatuko. Aldi horretan, argibideetarako 3.000 informazio-orri banatuko dira eta Alde Zaharreko etxebizitza guztietako postontzietan utziko da informazioa. Kanpaina horretan bertan bidaliko da zamalanetarako eremuetarako sarbidea eskatzeko inprimakia.
Interesdunek eskaera egiteko bide hauek erabil ditzakete: Udalinfo (010), Mugikortasuneko Departamendua (943 481 380) edota Udalaren webgunea (www.donostia.org).
Sistema berriaren bitartez, Alde Zaharreko sarbideak, zamalanetarako eremuak eta zirkulazio noranzkoak arautu nahi dira. Neurri horiek guztiek funtsezko hobekuntza ekarriko diote alde horretako auzotarren bizi kalitateari, kale guztiak noranzko bakarrekoak izango baitira.
Orobat, lagungarria izango da orain arte legez kanpokoak ziren aparkaleku eremuak kentzeko, zamalanetarako eremuak mugatzeko, eta auto nahiz motorrentzako aparkalekuak mugatzeko. Sistema hori ezartzearren, erdialdeko txandakako aparkatze eremua kendu da (Boulevardetik Askatasunaren hiribideraino).
Eremu hori auzokoentzat berreskuratu da. Txandakako aparkalekuak 451 izatetik 314 izatera igaroko dira, baina alde horretan dauden lurpeko aparkalekuek lur gainekoen tarifa bera dute (2,20 euro orduko). Auzotarrek, berriz, 272 aparkaleku izango dituzte, orain dituztenak (180) baino 92 gehiago. Elbarrientzako aparkalekuak 22 izatetik 25 izatera igaroko dira.
Motorrek ere aparkaleku gehiago izango dituzte; orain 99 aparkaleku dituzte (495 motorentzako tokia), eta hemendik aurrera 119 aparkaleku izango dituzte (595 motorrentzat). Era berean, zamalanetarako eta motorrak aparkatzeko den eremu partekatua eratuko da. Guztira, 39 aparkaleku izango dira, eta 95 motor aparkatzeko tokia izango dute.