Donostiako Udalak elikadura burujabetzaren eta indarkeria eza aktiboaren alde egingo du Lankidetzarako II. Planean

Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 29 agosto 2012 20:55

BILBO 29 Ago. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Udalak jakinarazi duenez, Udal Gobernuak Lankidetza eta Garapenerako II. Plan Zuzendaria onartuko du. 2012tik 2015era bitartean egongo da indarrean eta bi esparru berri jorratu nahi ditu:

bata, elikadura burujabetza eta kontsumo kontziente eta arduratsua da, eta bestea, indarkeria eza aktiboa.

Lankidetzako zinegotzi Jon Albizuk gaur aurkeztu du plana. Hainbat eragileren ekarpenak jaso dira planean; zehazki, Lankidetzako Aholku Kontseiluaren eta hainbat pertsona, eragile eta gobernuz kanpoko erakunderen ekarpenekin.

Plana irizpide jakin batzuetan oinarritzen da, eta Lankidetza Departamentuaren helburua da Udal Gobernua eredugarria izatea, egiten edo laguntzen dituen proiektuetan irizpide horiek aplikatuz eta bultzatuz.

Udalak jakinarazi duenez, aurreko planean ere jasota zeuden oinarri batzuei jarraipena emango zaie, adibidez: genero berdintasuna, giza eskubideak osotasunean eta komunitateen parte-hartzea. Beste alde batetik, bi esparru berri jorratu nahi ditu:

bata, elikadura burujabetza eta kontsumo kontziente eta arduratsua da, eta bestea, indarkeria eza aktiboa.

Esparru berri horien barruan, esaterako, Fiare banketxe etikoarekin harremana estutzeko asmoa du, baita erosketa publiko etikoa sustatu, Udalak egiten dituen ekintzetan indarkeriarik eza aktiboa kontuan hartu eta Giza Eskubideen Departamentuarekin harremanak indartzeko asmoa ere.

LAU HELBURU ESTRATEGIKO

Albizuk adierazi duenez, edukiak, aplikatzeko bitartekoak eta adierazleak argiago adierazita daude. "Azken finean, bide orri bat da, eta horrek planaren iraupena bukatzean ebaluazio bat egiteko aukera emango digu, zer eragin izan duen jakiteko", azaldu du zinegotziak.

Albizuren arabera, bereziki, lau helburu estrategiko ditu: "Lankidetza eta garapenerako hezkuntza eraldatzailea bultzatzea; Donostian gizarte aldaketa bultzatzea; irizpide etikoak eta solidarioak Udaleko politika guztietara zabaltzea, eta lankidetzan eta internazionalismoan ari diren gobernuz kanpoko erakunde eta gizarte mugimenduak indartzea".

Contenido patrocinado