Donostiako Udalak establezimenduak bisitatuko ditu "Merkataritzan eta ostalaritzan ere euskaraz" aurkezteko

Parte hartzen duten establezimenduek jartzen duten eranskailua
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: lunes, 8 mayo 2017 11:57

DONOSTIA, 8 (EUROPA PRESS)

Donostiako Udalak hamar auzotako merkiataritza establezimenduak bisitatuko ditu, sektoreko eragile eta euskara elkarteekin batera martxan daukan "Merkataritzan eta ostalaritzan ere euskaraz" egitasmoa aurkezteko. Hiriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektorean euskararen erabilera sustatzeko helburua du programak.

Miren Azkarate 2016 Hiriburutzako, Kulturako, Euskarako eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkariak azaldu duenez, "euskararen erabilera sustatzen ari gara hiriko establezimenduetan. Bezeroak euskaraz ere artatuak izango direla bermatu nahi dugu, eta horretarako baldintzak bete eta egitasmoarekin bat egiten duten establezimenduak eranskailu batekin identifikatzen ditugu. Horri esker, bezeroek identifikatutako establezimendu horietan euskaraz egin dezaketela jakin dezakete".

Proiektua fase ezberdinetan eta zonaka gauzatzen ari da. Astelehen honetatik aurrera Aiete, Altza, Añorga, Ategorrieta-Ulia, Igeldo, Loiola, Martutene, Mirakruz-Bidebieta, Miramon-Zorroaga eta Zubietako establezimendu guztiak bisitatuko ditu Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak.

Egitasmoan parte hartzeko establezimenduek baldintza bat bete behar dute: bezeroei arreta eskaintzen ari diren langileen erdiek edo gehiagok euskaraz ondo hitz egiteko gaitasuna izatea eta, era berean, lehen hitza euskaraz egiteko konpromisoa hartzea.

Horrela, baldintza hori bete eta egitasmoan parte hartzeko interesa duten establezimenduek eranskailua jarriko dute kalera begira (atean edo erakusleihoan). Behin establezimendua identifikatuta, bezeroek eranskailua ikustean bertan euskaraz egin dezaketela jakin dezakete. Egitasmoa hasi zenetik hiriko 1.000 establezimendu baino gehiago atxiki dira.

Proiektua Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak garatzen du sektoreko eragile, Donostiako Sustapena, San Sebastian Shops, Gipuzkoako Merkatarien Federazio, Gipuzkoako Ostalarien Elkarte eta euskararen alde lan egiten duten zenbait elkarte eta auzoetako euskara batzordeekin batera.