Donostiako Udalak eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmena sinatu dute

Izagirre eta Urrutia, hitzarmena sinatu ondoren
Foto: EUSKALTZAINDIA
Actualizado: miércoles, 14 enero 2015 14:20
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 14 (EUROPA PRESS)

   Donostiako Udalak eta Euskaltzaindiak bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena sinatu dute. Bi urteko iraupena duen hitzarmenaren xede nagusia bi erakundeon arteko lankidetzaren oinarriak ezartzea da, erakunde biek beren helburuak batera gauza ditzaten.

   Udalaren izenean Juan Karlos Izagirre alkateak sinatu du hitzarmena, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak. Izagirrek esan duenez, "Donostia euskararen hiria da, eta euskara diogunean, beste gauza askoren artean, Euskaltzaindia ere esaten dugu".

   Izagirre eta Urrutiarekin batera izan dira Nerea Txapartegi Donostiako Udal Gobernuaren Euskara arduraduna, Andoni Sagarna Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaria eta Erramun Osa Akademiaren idazkariordea.

   Horrela, akordioaren arabera, besteak beste, Euskaltzaindiak indarrean dagoen Donostiako kale izendegiaren berrikuspen osoa egingo du, Akademiak gaur egun darabiltzan irizpideen arabera eta koherentzia zainduz. Bestalde, Donostiako Udalak eskatuta, Etnogintza S.L. sozietateak 1995ean egindako "Donostiako Toponimia" lana oinarri hartuta, Donostiako leku izenen zerrenda normalizatua eta eguneratua egingo du.

   Halaber, Euskaltzaindiak Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuari laguntza eta aholkua emango dio, euskararen normalizazioan eta garapenean, bai hizkuntza berari dagokionez bai hizkuntza gizarteratzeko lanetan ere.

   Euskaltzaindiak euskararen estatusari buruzko aholkularitza eta lanak egingo ditu, bereziki, jardunaldiak, bilkurak eta abar, Luis Villasante Euskararen Ikergunea baliatuz, euskararen aurrerapenerako xedea aintzat hartuta. Donostiako Udalak, bere aldetik, 25.000 euroko ekarpena egingo du hitzarmen hau aurrera eraman ahal izateko, urtebeteko epean.

   Euskaltzaindiaren eta Donostiako Udalaren arteko harremana aspaldikoa da. Tolare baserrian kokatua dagoen Akademiaren Gipuzkoako ordezkaritza, Luis Villasante Euskararen Ikergunea, Donostiako Udalaren lagapena da. Izan ere, 2010eko martxoaren 26an, Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak Euskaltzaindiari Tolare baserria 25 urterako lagatzea erabaki zuen erabilera pribatiborako jabari publikoko emakida gisa, eta akordio horretan jasotzen diren baldintzek indarrean jarraitzen dute.