Donostiako Udalak Euskararen erabilera normalizatzeko 6. plana onartu du, lan-hizkuntza izateko helburu nagusiarekin

 Donostiako Alkate Eneko Goia Eta Euskara Zinegotzi Miren Azkarate.
EUROPA PRESS
Publicado 2018/08/09 13:58:00CET

DONOSTIA, 9 Ago. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Udalak iragan asteartean erabaki zuen, aho batez, Euskararen erabilera normalizatzeko 6. plana (2018-2022) onartzea. Horren berri eman dute Donostiako alkate Eneko Goiak eta Euskara zinegotzi Miren Azkaratek, eguerdian, prentsaurrean.

Helburu nagusia Udaleko jarduera-esparru guztietan euskara erabiltzea dela nabarmendu du Goiak; haren esanetan, orain arte lehentasuna izan da euskara zerbitzu-hizkuntza izatea, baina aurrerantzean arreta handiagoa emango zaio lan-hizkuntza izateari. Zentzu horretan, bakoitzari emango zaion pisua (%20 eta %80, hurrenez hurren) azpimarratu du alkateak.

Azkaratek, bere aldetik, nabarmendu du metodologiak eta irizpideak bateratu nahi izan dituztela; horretarako, lehen aldiz, uztartu egin dituzte Bikain ziurtagiriaren metodologia eta sektore publikoarena. Hala, aurreko planekin alderatuta, egoeraren azterketa egiteko 35 adierazle hartu dituzte kontuan, sei alorretan banatuta. Azkarateren esanetan, datuek erakutsi dute euskara "aski egoera onean" dagoela; ezagutzan badago zer hobetu, baina "benetako erronka erabilera da".

Azpimarratzekoa iruditu zaio Euskara zinegotziari udal langileen hizkuntza-prestakuntza. "Dagoeneko lanpostu guztien %76,85ek du derrigortasun data ezarria eta gehien-gehienek egiaztatu dute dagokien hizkuntza-eskakizuna". Azkaratek iragarri duenez, hurrengo bost urteetan, 6. planaren indarraldia amaitzerako, "lanpostuen %89,93k izango du derrigortasun-data.

EMAITZA ONAK

Aurreko euskara planek "emaitza oso onak" eman dituztela adierazi du Goiak, eta 6.a horien "jarraipena" dela. Azkaratek balioan jarri nahi izan du plana aho batez onartu izana, eta oposizioko kide batzuek egindako ekarpenak ere eskertu ditu.

Azkenik, udaleko langile guztiei galdetegi bat pasa zitzaiela azaldu du eta, horietatik, 620 langilek bete zutela galdetegia. Euskara zinegotziaren iritziz, egoeraren azterketa hobea egiteko oso baliogarriak izan dira erantzun horiek, baita Kike Amonarrizek egindako elkarrizketa sakonak ere, "kuantitatiboa ez ezik, azterketa kualitatiboa" egite aldera.

Contador