Donostiako Udalak haurrak euskaraz matrikulatzeko deia egin die gurasoei

Actualizado: jueves, 29 enero 2015 17:15
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 29 (EUROPA PRESS)

   Donostiako Udalak haurrak euskaraz matrikulatzeko deia egin die gurasoei, kanpaina hastearekin batera. Nerea Txapartegi Udal Gobernuko Euskara arduradunak adierazi du haurrak elebidunak izan daitezen "aukera onena" euskarazko ereduan ikastea dela. Matrikulazio epea otsailaren 2tik 13ra arte egongo da zabalik.

   "Datorren astelehenean hasiko da matrikulazio kanpaina eta, beste urte batez, datorren ikasturtera begira seme alabak zein hizkuntza eredutan matrikulatuko dituzten erabakitzeko unea dute gurasoek, zentzu horretan, euskaraz matrikulatzeko deia egiten diegu, horixe baita elebitasunik orekatuena bermatzen duena", esan du.

   Euskara Zerbitzuak euskara jakiteak seme-alabentzat duen garrantziaz eta hortaz euskarazko eredua hautatzearen garrantziaz ohartarazi ditu gurasoak, eta mezu hori helarazi die gutun baten bitartez aurten lehen aldiz beren seme-alabak matrikulatuko dituzten 1.600 guraso donostiarrei. Gutunarekin batera, haurrentzako "neurgailu" erakargarri bat banatuko da.

   Txapartegiren esanetan, "hiriaren egoera soziolinguistikoa kontuan harturik, egin diren ikerketek eta orain arteko esperientziak erakutsi dute D ereduak bermatzen duela elebitasunik orekatuena". Txapartegik, hala ere, ohartarazi du gaur gaurkoz ez dagoela osotasunean euskalduntzen duen eredurik, eta bide horretan ikasle euskaldun eleanitzak heziko dituen eredua aldarrikatu du.

   "Euskal Herri osoan euskara ofiziala ez den honetan, matrikulazioak gure hizkuntzaren etorkizunaren aldeko urratsa izatea lortu behar dugu eta bide luzea dugu oraindik egiteko euskalduntzen duen eredu bakarraren alde", adierazi du.

HAMARRETIK BEDERATZI, D EREDUAN

   Donostian hamar ikasletatik ia bederatzi D ereduan matrikulatzen da eskolan hasten denean. Txapartegik nabarmendu du urtetik urtera gora egiten duela eredu horretan matrikulatzen diren haurren kopuruak. Bere hitzetan, "hiru urtean zazpi puntuko igoera izan du eredu horrek hirian eta urtebetean 4,24 puntu hiru urteko haurren matrikulazioan; beraz, agerian da gero eta guraso gehiagok hartzen duela D ereduaren aldeko erabakia haur hezkuntzaren hasieran (2-3 urte)".

   Donostian hiru urteko haurrentzat eskaintza egiten duten 19 ikastetxe publiko eta 26 ikastetxe pribatu edo hitzarmendunetan D ereduaren aldeko bilakaera "etengabea" dela nabarmendu du, eta hori agerian geratzen dela azken urteetako datuei erreparatuz gero.

   Txapartegirentzat, haur baten lehen urteak "oso garrantzitsuak" dira hizkuntza bereganatzeko. "Zenbat eta hizkuntza gehiago ikasi eta erabili, orduan eta hobeto garatuko ditu beste zenbait gaitasun, eta, kultur aniztasun handiagoaz gozatzeko aukerarekin batera, lan etorkizun zabalagoa izango du. Haurrak euskaraz hazten badira, euskara haiek adina haziko da", azaldu du.