Donostiako Udalak liburuxka bana bidaliko die jaioberrien gurasoei, euskararen transimisioaren garrantzia azpimarratzeko

Actualizado: jueves, 27 febrero 2014 13:52
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 27 (EUROPA PRESS)

   Donostiako Udalak "Gure haurra" liburuxka oparituko die haur jaioberrien gurasoei, hizkuntzaren transmisioaren garrantzia azpimarratzeko. Euskara Zerbitzuak posta bidez bidaliko die liburuxka, gutun batekin batera, "euskara ere jakiteak haurrarentzat izango duen garrantzia azpimarratuz". Donostiako 1.600 bat haurren familiek jasoko dute mezua eta euskarria aurten, batez beste, ume kopuru hori jaiotzen baita urtean hirian.

   Nerea Txapartegi Udal Gobernuko Euskara arduradunak azaldu du ekintza honen helburua dela euskararen transmisioa indartzea. "Belaunaldiz belaunaldi familia bidez hizkuntzaren transmisioa egitea oso inportantea da. Ez dezagun ahaztu familia dela hizkuntza transmititzeko esparrurik naturalena eta eraginkorrena, eta liburuxkan jasotzen diren kanta, esaera eta jolasen bidez modu atseginean egiten da hori, gurasoek eta haurrek elkarrekin aritu daitezen", adierazi du.

   Txapartegik nabarmendu du haurrarekin euskaraz hitz egitea bezain garrantzizkoa dela etxeko hizkuntza ere euskara izatea, bikotekideen artekoa. Bere hitzetan, "haurrak euskararekin duen harremana eta lotura osoagoak izango dira horrela, izan ere, haurrak hasierako bizimoduan familia du bere mundu osoa, eta hortik jasoko duen hizkuntza izango du lehen hizkuntza, bere mundu afektiborako hizkuntza".

   "Gure haurra" liburuxkak hainbat atal eta erabilera anitz ditu. Batetik, hizkuntza tipologia ezberdineko familiei gomendioak ematen zaizkie; bestetik, 0-2 urteko tartean haurrak izango duen hazkundearen bilakaera, une esanguratsuak, argazkiak eta abar jasotzeko aukera eskaintzen du, hori guztia esaera eta hainbat konturekin osatuta; eta azkenik, hirugarren atalean haurrarekin batera jolasteko edo abesteko kantak jasotzen dira. Atal horren amaieran webgune batzuen helbideak txertatu dira doinuak bilatzeko edo kanten errepertorioa zabaltzeko.

   Liburuxka "oso lagungarria" izango da modu erraz batean biltzen joateko haurraren lehenengo bi urteko hazkundea, une politak, lorpenak eta abar. Haurrekin erabiltzen diren zenbait esaera, jolas eta kanta ere eskaintzen dira gurasoek haurrarekin une atseginak pasa ditzaten. Aurrerago, agian liburuxka erabilgarria suertatuko zaio haurrari eskolan haurtzaroa, biografia, familia eta era horretako gaiak lantzen dituenean.