Donostiako Udalak saharar herriarekiko elkartasun ekitaldi bat antolatu du martxoaren 15erako

Actualizado: jueves, 5 marzo 2015 18:14

DONOSTIA, 5 Mar. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Udalak saharar herriari elkartasuna adierazteko ekitaldi bat antolatu du martxoaren 15erako, "Donostiako Udaletxean jaima bat jarriko dugu" goiburupean, okupazioaren 40 urte beteko direnean. Juan Karlos Izagirre alkateak Mendebaldeko Saharara egin berri duen bidaiaren harira antolatu da ekitaldia, eta alkateak han jasotako testigantzen berri emango da bertan; "Mezuak Mendebaldeko Saharatik" dokumentalean jaso dira testigantza horiek.

Donostiako Udalak jakinarazi duenez, "El Oasis de la Memoria (Memoria histórica y violaciones de derechos humanos en el Sahara Occidental)" eta "Meheis: La esperanza posible (Fosas comunes y primeros desaparecidos saharauis identificados)" ikerlanetan ageri diren 261 sahararren lekukotasunetako batzuk entzun ahal izan ditu Izagirrek bidaian. Udaletxean bertan aurkeztu zen ikerketa hauek eta orduan jaso zuen alkateak hara joateko gonbita Aminatou Haidar eta El Ghalia Djimiren giza eskubideen ekintzaileen eskutik.

Ekitaldia eguerdiko 12:00etan hasiko da. Udalbatzan jaima bat jarriko da eta tea banatuko da. Joseba Apaolaza aktoreak egingo ditu aurkezpen lanak, bera ere lurralde okupatuetan egondakoa baita. Musika ere izango da, Oreka Tx taldearen eta Aziza Brahimen eskutik.

Hassanna Aalia giza eskubideen ekintzailea ere ekitaldian izango da. Espainiak asilo politikoa ukatu berri dio gazteari, nahiz eta bizi osoko kartzela zigorrera kondenatuta egon. Hassanna Aaliari bereziki eta oro har herri saharar osoari eskainia egongo da ekitaldia.