Donostiako Udalaren wifi zerbitzua doakoa da

Actualizado: lunes, 21 marzo 2011 18:58

DONOSTIA, 21 Mar. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Udalaren wifi zerbitzua dohainik da gaurtik, eta horrela, Herritar Txartelaren bitartez, interneten sartzeko aukera izango da, kalean zein 25 eraikin publikoren barnean. Interneten sartzeko gune berri batzuk hedatu dira Boulevardetik Ospitaletarainoko eremuan, autobusaren 28 linean barrena, eta Donostiak 800.000 metro koadroko wifi estaldura du dagoeneko, Udal donostiarreko iturriek jakinarazi dutenez.

Kanpoaldeetan zein 25 udal eraikinen (kultur etxeak, kiroldegiak eta abar) barnean izango da gailu mugikorretatik internetekin haririk gabe konektatzeko aukera, eta hori inolako tarifarik ordaindu gabe, orain artean beharrezkoa zena Telekomunikazioen Merkatuko Batzordearen araudia betetzeko. Zerbitzua doakoa da erakunde horrek araudian egin berri duen aldaketari esker.

Gainera, udal-sarean sartzeko wifi gune berriak jarri dira abian, Donostiako Sustapenak garatutako hedapen berriari esker. Wifi estaldurako eremu berria Boulevardetik Ospitaleetaraino hedatuko da, Dbusen 28. lineak egiten duen ibilbidean barrena.

Izan ere, egunero 90.000tik gora herritarrek erabiltzen duten linea horren 28 geltokiak baliatu dira udal sarearekin bat egiteko sarbideak ezartzeko, eta, hedapen horri esker, Boulevard osoan, Urbieta kalean, San Martin azokan, Easo plazan, Ehunurteurrenaren plazan, Antso Jakitunaren hiribidean, Pio XII.aren plazako autobus-geltokian, Madrid hiribidean, Anoetan, Ospitaleetan eta Miramongo zati batean eskainiko da estaldura.

Zuntz optikoko sare-sistema bat eta wifi eta wimax haririk gabeko teknologiak integratzen dituen hedapen berriari esker, Donostiako Sustapenak beste aurrerapauso bat egin du hiriko telekomunikazioen ahalmena hobetzeko udal estrategiaren esparruan. Tokiko Enplegurako eta Iraunkortasunerako Estatu Funtsak -E Plana- finantzatu du proiektua, 350.000 euroko aurrekontuarekin.

Sarbide berri horiekin, Donostiak 114 'hotspot' ditu guztira, 800.000 metro koadroko azaleran kanpo-estaldura eskaintzen dutenak, auzoz auzoko 25 udal eraikinetan eskainitako barne-estalduraz gain.

Herritarrei internetekin haririk gabe konektatzeko aukera emateaz gain, wifi hedapenak udal zerbitzuak hobetzeko aukera ugari eskaintzen ditu.

Batetik, udaltzainek, suhiltzaileek eta mugikortasuneko edo Dbuseko langileek kaletik izango dute internetekin konektatzeko aukera, eguneroko zereginetan lagungarri, eta bestetik, Udalarentzat ere lagungarri izango da, hain zuzen ere on-line zerbitzuen eskaintzan eta izapidetzean aurrera egiteko.