Donostiako Zinemaldiak lehiaketa antolatu du sarean 60. edizioko kartel ofizialak aukeratzeko

Zinemaldiak kartel lehiaketa antolatu du sarean
Foto: Donostiako Zinemaldia
Actualizado: jueves, 26 enero 2012 15:09

DONOSTIA, 26. (EUROPA PRESS) 

   Donostiako Zinemaldiak 60. edizioko irudi ofizial izango diren kartelak hautatzeko interneteko lehenengo lehiaketa antolatu du. Ekimen honen bidez, Zinemaldiaren helburua sorkuntza eta partaidetza sustatzea da, bai eta jaialdiaren hedapena bultzatzea ere, bere arduradunek azaldu dutenez.

   Lehiaketa proposamenak aurkeztu nahi dituzten diseinatzaile guztiei irekita dago, eta herritarrek kartelik gustukoenak bozkatzeko aukera izango dute. Ostean, epaimahai batek irabazlea hautatuko du boto gehien lortzen duten lanen artean. Era berean, irabazle ateratzen diren lanen aldeko botoa ematen dutenen artean sariak zozkatuko dira.

   Honako sail hauetan aurkeztu ahal izango dira 60. ediziorako kartelak: Ofiziala, Zuzendari Berriak, Zabaltegi eta Horizontes Latinos. Parte-hartzaileek sail bakarrera edo guztietara aurkezteko aukera izango dute, eta, gainera, nahi beste kartel aurkeztu ahal izango dituzte lehiaketara.

   Lehiaketa irekia izango da, eta beste berrikuntza garrantzitsu bat ere izango du: sarean egingo da lehen aldiz. Helburu horrekin, jaialdiaren atari ofizialean gune espezifiko bat sortu da: www.sansebastianfestival.com/kartellehiaketa. Gune horrek partaidetza bultzatu eta lehiaketaren kudeaketa ahalbidetuko du, eta fase hauetako bakoitzaren garapena gertutik jarraitu ahal izango da.

   Horrela, izena emateko eta proposamenak aurkezteko otsailaren 1etik martxoaren 16ra egongo da irekita. Herritarren bozketa martxoaren 17tik apirilaren 10era egingo da, eta finalistak apirilaren 11n jakinaraziko dira. Kartel irabazleak zeintzuk diren maiatzaren 11n jakingo da, eta azkenik, kartel irabazleen aldeko botoa eman dutenen arteko sarien zozketa maiatzaren 14an egingo da.

   Kartel irabazleak aukeratzeko lehen hautaketa bat egingo da www.sansebastianfestival.com/kartellehiaketa helbidean, publikoaren boto gehien jaso dituzten sail bakoitzeko 25 proposamenekin. Donostiako Zinemaldiak saileko beste bost kartel aukeratzeko eskubidea izango du, harik eta sail bakoitzeko gehienez ere 30 kartel hautatu arte; horretarako epemuga apirilaren 11 izango da.

   Finalista horien artean sail bakoitzeko irabazleak hautatuko ditu epaimahai batek apirilaren 11n; irabazleen izenak maiatzaren 11n Donostia Zinemaldiak antolatuko duen prentsaurreko batean ezagutaraziko dira. Prentsaurreko horretan, saritutako lan guztiak aurkeztuko zaizkie komunikabideei. Egun horretan bertan, informazio hori guztia Zinemaldiaren webgunean argitaratuko da, baita lehiaketaren orrian ere.

   Lehiaketaren irabazleak edo irabazleek 3.000 euro garbi jasoko dituzte kartel ofizialaren kasuan eta 1.000 euro garbi gainontzeko beste sailen kasuan. Sail bakoitzeko kartel irabazleari botoa eman dioten herritarren artean, lau sari banatuko dira (bat sail bakoitzeko). Sariok honakoak izango dira: hamar emanaldirako abonamendu bat eta Zinemaldiaren 60. edizioko argitalpen sorta bat.