Donostiako Zinemaldiko Zuzendari Berriak lehiaketa sail independente izango da aurrerantzean

Jan Zabeilek irabazi zuen iaz Zuzendari Berrien saria
Foto: Donostiako Zinemaldia
Actualizado: miércoles, 25 enero 2012 13:06

DONOSTIA, 25 (EUROPA PRESS)

   Orain arte Zabaltegi sailaren barnean antolatutako Zuzendari Berriak atala Donostiako Zinemaldiko sail independente izango da aurtengo 60. ediziotik aurrera. Zuzendari Berriak izango du izena sail berriak, eta orain artean bezala, "mundu zabaleko zinemagileen lehen eta bigarren filmak aurkezteko plataforma ezin hobea izango da", Zinemaldiko arduradunek jakinarazi dutenez.

   Parte-hartzaileak Kutxa-Zuzendari Berriak saria eskuratzeko lehiatuko dira; saria 90.000 euro izango da, eta zuzendariak eta film irabazlea Espainian banatuko duen etxeak jasoko dute erdi bana. Saria sail honetan aurkeztutako lanek bakarrik eskuratu ahal izango dute, hau da, Zinemaldiko beste sail batzuetan aurkeztutako lanek, zuzendarien lehen edo bigarren filmak izanagatik ere, ez dute saria jasotzerik izango.

   Zuzendari Berriak atala sortu zenetik, urtero etorkizun handiko 20 zinemagile inguruk hartu dute parte lehiaketan lehen lanekin. Horietako asko nazioartean ospe handia lortu duten zuzendari bilakatu dira urteekin; horren erakusle dira, besteak beste, Olivier Assayas, Agustín Villaronga, Ixabel Coixet, Juanma Bajo Ulloa, Tsai Min-liang, Danny Boyle, David O. Russell, Agustín Díaz Yanes, Hans Petter Moland, Nicolas Winding Refn, Juan José Campanella, Simon Staho, Laurent Cantet, Bong Joon-ho, Achero Mañas, Tom McCarthy, Lee Daniels, Javier Rebollo, Hana Makhmalbaf edota Judith Cole.

   Zuzendari Berriak sailari "garrantzi eta ikusgarritasun handiagoa" emango dion erabaki honekin, Donostiako Zinemaldiak argi eta garbi erakutsi nahi izan du nazioarteko zinemagile gazteen alde egindako apustua. Helburua bikoitza da: zuzendari gazteon lanei garrantzi are handiagoa ematea eta Espainian banatzen laguntzea.