Donostialdea-Bidasoa Beherea Paisaiaren Katalogoa egiteko lanak aurkeztu dizkie Jaurlaritzak Donostialdeko udalei

Ekitaldiko une bat
EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: viernes, 12 febrero 2016 15:22

DONOSTIA, 12 (EUROPA PRESS)

   Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak "Donostia eremu funtzionaleko Paisaia zehaztapenen eta Paisaiaren Katalogoa" osatzeko prozesua, parte hartze prozesu publikoa barne, aurkeztu die ostiral honetan foru eta Donostialdea-Bidasoa Beherako udal ordezkariei.

   Katalogo horren bidez, Paisaiari buruzko Europako Hitzarmenaren arabera kudeatuko da paisaia, "lehen mailako baliabidea denez, are funtsezkoa ere, lurralde antolamendu egokia ezartzeko", Oregik azaldu duenez.

   Helburu hori dela eta, 2014. urtean, Eusko Jaurlaritzak EAEko lurralde antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzeko dekretua onartu zuen. Dekretu horrek zenbait tresna zehaztu zituen, tartean, Katalogoak eta Eremu Funtzionalen Zehaztapenak. Dagoeneko egin dira Urola Kosta, Enkarterri eta Arabako Errioxako Katalogoak, eta Donostialdeari dagokiona egiteko lanak hasi berri dira.

   Lurralde Antolamenduko sailburuorde Izaskun Iriarte alboan zuela, Oregik Eusko Jaurlaritzak Donostian duen egoitzan azaldu duenez, "Paisaiaren Katalogoan kasuko eremu funtzionaleko paisaia identifikatu, sailkatu, balioetsi eta kartografiatzen da, eta hainbat kapitulu deskribatzaile barne hartzen ditu, kasu honetan, Donostialdea-Bidasoa Behereko paisaia unitateak identifikatu, ezaugarriak eta indar zein presio eraldatzaileak aztertuz, balioak eta kontserbazio egoera zehaztuz eta paisaiak bete beharreko kalitate helburuak proposatuz".

HERRITARREN INPLIKAZIOA

   Halaber, herritarrak paisaiaren kudeaketan inplikatzeko, paisaiaz duten irudipena eta nahi luketen paisaia ezagutzeko, partaidetza programak gauzatzea beharrezkoa dela nabarmendu du Oregik, eta, horrenbestez, edonork parte hartu ahal izango duen tailerrak antolatuko dira, paisaiaren balioak identifikatzeko, hainbat ikuspegiren arabera.

   Era berean, parte hartzaileek Donostialdea-Bidasoa Beherako paisaiaren kalitate helburuen baterako diagnostikoa egingo dute. Gainera, Internet bidezko kontsultak eskainiko dira Irekia atariaren bitartez, hala nola askotariko gizarte eragileei eta lurraldeko pertsona adierazgarrienei egindako elkarrizketa luze sakonak.

   Informazioa hartu eta emateko, interesdunek mezu elektroniko bat bidali behar dute Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren Zuzendaritzara (paisaia@euskadi.eus). Herritarren parte hartzea "funtsezkoa" da Paisaiaren Katalogoa osatzeko eta, horretarako, inkestak egin eta tailer parte hartzaileak eskainiko dira, paisaiari buruzko gizarte pertzepzioa zein den eta herritarrek nolako paisaia nahi duten jakin, eta paisaiaren kalitate helburuak zehazteko.

   "Zein ekarpen egiten dizu ibai ertzetik hurbil bizitzeak? Zein balio ematen diozu mendiko baseliza bati? Eta harana zeharkatu dezakeen errepide berriari? Zer nolako paisaia ikustea nahi duzu zure ondorengoek? Horrelako galderen bidez egituratu da herritarren parte hartzea paisaiaren kudeaketan, eta administrazioari aukera ematen dio horien premiak eta aurreikuspenak egoki betetzeko", adierazi du Oregik.