Donostialdeko Metroaren Lugaritz-Easo zatiaren eraikuntza proiektua lizitatu du Jaurlaritzak

Actualizado: miércoles, 15 julio 2015 12:17

DONOSTIA, 15 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoak oniritzia eman die Donostialdeko Metroaren Lugaritz-Mirakontxa eta Mirakontxa-Easo zatien eraikuntza proiektuen lizitaziorako baldintzen pleguei. Horrela, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA) bi zatitan banaturik egongo den Donostia erdialdeko lur azpiko trenbide igarobidearen eraikuntza zehaztu beharko duen azterlanaren baldintzak argitaratuko ditu ostegunean, uztailaren 16an.

   Donostia erdialdera metro sistema ekarriko duen, unibertsitate guneari zerbitzua eskainiko dion eta gaur egun Amarako geltokiak eratzen duen zaku hondoa desagerraraziko duen proposamenak definituriko soluzioak, Lugaritzeko geltokian abiatuko den eta lur azpian egongo den Morlanseko zatian amaituko den lur azpiko saihesbide zati berria izango du. Trazatu berria hiriaren beheko guneetatik hurbil joango da (Antigua, Erdialdea eta Amara) eta hiru geltoki berri planteatzen ditu: Benta Berri-Antiguo, Erdialdea-Kontxa eta Easo (egungoa ordezkatuko du).

   Eusko Jaurlaritzako iturriek jakinarazi dutenez, 4,2 kilometro inguru izango dituen trazatua bi zatitan banatuko da lizitaziorako. Lehen zatirako eskaintzak sei hilabeteko epean aurkeztu beharko dira, eta aurrekontua 450.000 euro izango da; 2.200 metro luze den zati hori, egungo Lugaritzeko geltokitik 100 metro ingurura hasiko da, eta bertatik Antiguarantz jaitsiko da, Bentaberriko etxebizitza zabalgunetik hurbil jarraitzeko; bertan egongo da lehenbiziko geltokia.

   Halaber, 2.000 metro inguru luze den bigarren zatiaren lizitaziora aurkeztuko diren enpresek 400.000 euroko aurrekontua eta sei hilabeteko burutze epea izango dituzte. Kasu horretan, trazatua lehen zatia amaitzen den tokian abiatuko da, kostaldeko lerroarekin ia paraleloan, hiriaren erdialdera heldu arte; proiektaturiko bigarren geltokia, Erdialdea-Kontxa, bertan egongo da. Lineak hegoalderantz jarraituko du, egungo Amarako geltokia gainditu ondoren, Easoko geltoki berrira heltzeko, eta, azkenik, Morlanseko lur azpiko zatiaren hasieran egungo trenbidearekin bat egin arte jarraituko du.

   "Igarobidearen eraikuntzak, Amarako trenbide lubakia kentzeaz eta lur zati handia herritarrek erabili eta goza dezaten libre uzteaz gain, garraio publiko erabilerraza, modernoa, segurua, ekologikoa eta eraginkorra ekarriko du Donostia erdialdera", adierazi du Jaurlaritzak.