Donostiarrek udaletxeko balkoi batetik ere ikusi ahal izango dituzte aurten San Sebastian Eguneko ekitaldi nagusiak

Haur danborrada, udaletxe aurrean
Foto: DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: viernes, 3 enero 2014 14:21

DONOSTIA, 3 (EUROPA PRESS)

   San Sebastian Eguneko ekitaldi nagusiak bi leku berezitatik ikusi ahal izango dituzte aurten Donostian erroldatuta dauden herritarrek. Donostiako Udalak Konstituzio plazako eraikineko lehenengo pisuko balkoian egoteko aukera zabaldu zien iaz, aurreneko aldiz, herritar guztiei, eta aurten aukera hori beste leku berezi batera ere zabaldu du, udaletxeko balkoi batetik jarraitu ahal izango baitute herritarrek haur danborrada.

   Donostiako Udal Gobernuarentzat "oso ederra eta positiboa" izan zen iazko esperientzia, "harrera ezin hobea" izan baitzuen. Banderaren igoeran eta jaitsieran balkoian egon ziren herritarrak poz-pozik agertu ziren, eta emaitza ikusita, aurten ekimena beste espazio batera ere zabaltzea erabaki du. Modu honetan, udaletxearen eskuinaldean dagoen balkoi zabala aurreneko aldiz zabalduko zaio herritar orori, Alderdi Eder primeran ikus dezaten bertatik.

   Datorren asteazkenean, urtarrilaren 8an, izena emateko epea irekiko da, eta urtarrilaren 13ra bitartean egongo da zabalik. Konstituzio plazako eraikineko lehen pisurako 30 plaza zozkatuko dira eguneko, urtarrilaren 19ko banderaren igoerarako 30 eta urtarrilaren 20ko jaitsierarako beste 30; guztira, beraz, 60 lagunek ikusi ahal izango dute ekitaldi bakoitza balkoitik, irabazleek beste lagun bat eraman ahal izango baitute. Udaletxetik, berriz, 48 lagunek jarraitu ahal izango dute 12:00etan hasten den haur danborrada; guztira, 24 plaza zozkatuko dira.

   Hiru aukera daude izena emateko: Udalinfora gerturatuz, www.donostia.org webgunearen bidez, eta 010 telefono zenbakira deituta. Donostian erroldatua egon beharra dago zozketan parte hartu ahal izateko, eta 18 urtetik gorakoa izan urtarrilaren 19rako. Izena emateko garaian ezin izango da banderaren jasotzea edo jaistea aukeratu; bai ordea, ekitaldi horietan edo haur danborradarenean egon nahi den, edo bietan.

   Zozketa urtarrilaren 15ean egingo da, asteazkenarekin, 19:00etatik aurrera udalbatzan, eta haur danborradako pertsonaiek aterako dituzte zenbakiak. Egun horretatik aurrera jakinaraziko zaie irabazleei telefonoz jasotzean edo jaistean egotea egokitu zaien. Zozketan bermatu egingo da gizon eta emakume kopuru bera egotea, generoa aintzat hartuz.

HELBURUA

   Axier Jaka Donostiako Udaleko Partaidetzako zinegotziak adierazi du ekimen honen helburua dela herritarren eskuetan jartzea orain arte bakar batzuen eskuetan egon den pribilejioa.

   "San Sebastian Eguna sentsibilitate ezberdinetako donostiar guztiak batzen gaituen festa da, poza eta jai giroa dira protagonistak, eta udal eraikin horietatik jaiaz gozatzeko aukera berezia den heinean, bertan herritarren presentzia ahalbidetzea erabaki du Udal Gobernuak", azaldu du.

   Partaidetza eredua jaien eremuan ere gauzatzen ari dela nabarmendu du Jakak: "Bigarren Mendeurreneko programa kolektiboa, oraintxe amaitu berri dena, herritarrekin eta hainbat eragilerekin batera osatu dugu, eta ez dugu ahaztu behar bestelako jaien egitaraua egiteko ere, partaidetza eredua daukagula ardatz, esaterako Aste Nagusian".