Dorretxe Jauregia inauguratuko da martxoaren 19an Santurtzin (Bizkaia), 17 hileko birgaitze lanen ondoren

Actualizado: viernes, 11 marzo 2011 17:46

BILBO, 11 Mar. (EUROPA PRESS) -

Dorretxe Jauregia inauguratuko da martxoaren 19an Santurtzin (Bizkaia). Eraikuntza, orain arte "Dorretxea" izenaz ezagutu dena, XVIII. mendearen bukaerakoa da, eta 2006ko ekainetik itxita egon da, birgaitze lanak egiteko. Lanok 17 hilabeteko iraupena izan dute, Santurtziko Udaleko iturriek jakinarazi dutenez.

Obra hauen bidez, Marta Torne udal arkitektoaren eta Juan Jose Boulanger udal aparejadorearen zuzendaritzapean, eraikuntzaren jatorrizko egitura berreskuratu da, jatorrizko fatxada, kasetoidura, beiratea eta habeak kontserbatuz.

Inaugurazio ekitaldietan herritarrek dorretxea barrutik ikusteko aukera izango dute martxoaren 19an eta 20an. Hilaren 19an, ohorezko aurreskua dantzatuko da eguerdiko 12:00etan herriko agintarien aurrean. Aurreskuaren ondoren, Lagun Zaharrak Koral Elkarteak kontzertua eskainiko du, eta agintariek eta komunikabideetako ordezkariek eraikuntza ikusiko dute. 13:00etatik aurrera bertaratu diren herritarrek jauregia barrutik ikusi ahal izango dute.

Eraikuntzaren barruan egingo den ibilbidea Encrucijada antzerki-talde santurtziarraren gidaritzapean egingo da. Horretarako, taldekideak antzinako jantziak soinean, dorretxearen lehenengo bizilagunen rol fantasmagorikoak hartuko dituzte. Inaugurazio ekitaldiek dirauten asteburu osoan Encrucijada taldeak ingurua girotuko du.

Bi egun horietan zehar eraikuntza ikustera doazenek musikaz ere gozatuko dute. Izan ere, Musika Eskolako irakasle eta ikasleek musikagile handien hainbat pieza joko dituzte, hala nola, Aranburu, Bach edo Schumann-enak pieza txikiak. Kontzertuan musika-tresna desberdinen soinuaz gozatuko dute: tronpa, pianoa, flauta taldea, klarinete bikotea, txistua, trikitixa.

Dorretxe Jauregia kultura-ekintzetarako izango da, eta Serantes Kultur Aretoak kudeatuko du. Publikorako zabalik egongo da astelehenetik larunbatera, 9:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:30etara.

ERAIKUNTZA

Eraikuntzak 1.362,34 metro koadroko azalera du. Beheko solairuan Udal Erakusketa Aretoa dago, aurrekoaren boskoitza, zabala eta argia. Honen bidez, herriari arte ederrei buruzko zerbitzu osoagoa emango zaio. Santurtzik dagoeneko badu Arte plastikoen Udal Tailerra, baina areto honek eskaintza osatuko du, santurtziarrei kulturan jantziago egoteko aukera emango die, eta herrian egiten den lan artistikoa zabaltzeko bidea ere eskainiko du.

Horrez gain, Santurtziko Udalak garrantzi handiko erakusketak egiteko erabiliko du aretoa, bai eta herriak eginiko kalitatezko egitasmoak erakusgai jartzeko ere, betiere aretoaren programazio ildoarekin bat badatoz.

Lehenengo solairuak lau areto ditu: "Higarilla" (herriko antzinako hondartzaren izena), "Bolintxis", "Rompeolas" eta "Calero" (Serantes eta Las Rocasen arteko eremua), denak udalerriko toki enblematiko eta bereziak. Izenak hainbat herritarren proposamenei jarraikiz aukeratu dira, otsailean eginiko bisita gidatuetan horretaz beren beregi galdetuta.

Areto hauen, Kresala aretoaren eta gainontzeko ekipamendu kulturalen bidez, herriko erakunde eta taldeek egin dezaketen ekitaldi eta ekimen guztiei erantzun eman nahi die Udalak, beroriek aurrera eramateko tokia izan dezaten.

Bigarren solairuan Serantes Kultur Aretoko eta Udaleko Kultura eta Euskara Arloko bulego guztiak jarri dira. Asmoa kultura-zerbitzuen zeregin administratibo guztiak leku bakar batean batzea da, eta horrela herritarrei erosotasuna eskaintzea kulturarekin lotuta dauden gestioak egin behar dituztenean.

Hirugarren solairuan Santurtziko Historiaren Interpretazio Zentroa dago, Santurtziko gertakizun nabarmenenak ezagutzeko aukera ematen duena. Zentroaren museo-euskarriak, besteak beste, honakoak dira: hainbat pantaila digital, antzerki birtuala, Santurtziko maketa eta ikus-entzunezkoak.

Zentroko pantailak txartelen bidez jartzen dira abian. Txartelok Santurtziko historia ezagutzera bertaratzen diren herritar guztioi banatuko zaizkio. Horrez gain, eraikuntzaren beiradun balkoian 180 graduko ikuspegia ematen duen periskopio bat jarri da, bertatik XX. mendearen hasierako Santurtziko irudia ikusteko.

1984an Santurtziko Udalak Dorretxea Maitasun Errukitsua Erlijio Kongregazioari erosi zion, udal bulegoak jartzeko. Hasieran, Dorretxeko Markesaren udako etxea zen, eta hortik jauregiaren izena. Hala ere, gauza ziurra da lehenago zegoen beste eraikuntza baten aurrien gainean eraiki zela, eta horrela erakutsi du birgaitze lanak egitean aurkitu den zulo batek.

Eraikuntza enblematiko honekin, eta laster egingo den Arrantzaleen Kofradiako Museoarekin, Santurtziren nortasun eta berezitasun parte bat berreskuratuko da.