Durangoko Azokak Ikasle Eguneko jardueretan parte hartzeko 6.265 eskaera jaso ditu

Actualizado: jueves, 20 octubre 2016 12:46

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Durangoko Azokako Ikasle Egunak inoiz baino izen emate gehiago jaso ditu 51. edizioan, egun horretan antolatzen dituen jardueretan parte hartzeko 6.252 eskaera jaso baititu, joan den urtean 4.655 izan ziren bitartean, Durangoko Azokak jakinarazi duenez.

Urtero bezala, Durangoko Azokak irailean ireki zuen Ikasle Egunerako izen ematea eskola eta hezkuntza zentroei begira. Ikasle Eguna azokako lehenengo egunean ospatzen da -aurten, beraz, abenduaren 2an-, eta ikasleek ikastaro eta tailer ugari izaten dituzte eskura gune ezberdinetan.

Bada, aurten, Azokak 1.100 lagunentzako jarduerak antolatu ditu Ikasle Egunaren baitan, eta bertan parte hartzeko 6.265 eskaera jaso ditu, hots, "eskariak nabarmen gainditu du eskaintza". "Iaz 4.655 eskaera izan genituen, beraz, Ikasle Egunak gero eta interes handiagoa pizten duela baiezta dezakegu", nabarmendu dute antolatzaileek.

Eskaerak Euskal Herri osoko 55 ikastetxe ezberdinetatik jaso ditu; gehienak bizkaitarrak izan dira, eta eskaera kopurua handitu egin da Araba eta Nafarroaren kasuan ere. Lehen Hezkuntzako ikasleen artean ere eskaerak gora egin du nabarmen. 1982an antolatu zen Ikasle Eguna lehen aldiz, eta gero eta bisitari gehiago jasotzen ditu urtez urte.

Orain, jasotako izen emate guztien artean zozketa egin eta lekuak esleituko dira. "Hala ere, abenduaren 2an Azokako ateak parez pare zabalik egongo dira kulturaren plaza ezagutu gura dutenentzat, hau da, Ikasle Egunera joateko ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea, izen-emateak jardueretarako bakarrik behar direlako", ziurtatu dute.