Durangoko Azokako guneetan aurkezpenak egiteko deialdia urriaren 1ean zabalduko da

Areto Nagusia
DURANGOKO AZOKA
Actualizado: martes, 18 septiembre 2018 11:57

BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

Durangoko Azokako zortzi guneetan aurkezpenak egiteko deialdia urriaren 1etik 15era bitarte egongo da zabalik. Gune bakoitzak egitarau propioa dauka eta, ondorioz, kudeaketa ere ezberdina da. Dena den, gune gehienetan tarte bat doan uzten zaie liburu, disko, ikus-entzunezko, antzezlan edo proiekturen bat aurkezteko interesa dutenei, eta eskaintza ere doakoa izan ohi da, salbuespenak egon arren.

Gerediaga Elkartetik gogoratu dutenez, Durangoko Azoka ez da liburuak eta diskoak erosteko leku soil bat, askoz haratago baitoa bere izaera. Horrela, "Kulturaren Plaza bihurtzen da eta zenbait ekitaldiz gozatzeko aukera izan ohi da urtero-urtero". Egitarau zabala prestatzen da azokako zortzi gune ezberdinetan, hala nola aurkezpenak, mahai-inguruak, hitzaldiak, emanaldiak, tailerrak eta abar.

Gauzak horrela, urriaren 1ean zabalduko da gune horietan aurkezpenen bat egiteko deialdia eta urriaren 15era bitartean izango dute sortzaileek beren proposamenak luzatzeko aukera.

Gune bakoitzari dagokionez, Areto Nagusian aurkezpenetako 20 minutuko tarteak egokitzen dira, eta azokako parte hartzaileek eta euskarazko ekoizpenek dute lehentasuna. Hala ere, beste proposamen bereziek ere izaten dute noizbehinka lekua.

Kabi@ gunean kultura digitalarekin zerikusia duten aurkezpenak eta ekitaldiak antolatzen dira. Egitarauaren zati bat aurrez definitzen da, baina proiektu zehatzak aurkezteko behar izaten den tartea ere egokitzen da.

Ahotsenea sortzaileen gunean izena emateko deialdia zabalik dagoenean, webgunean dagoeneko eskuragarri dagoen fitxa bete eta emailez bidali behar da. Ahotsenea Solasaldiak euskarazko literatura lanak aurkezteko gunea da eta 25 minutuko aurkezpenak egiteko aukera dute sortzaileek, eta Ahotsenea Zuzenekoak Landakogunearen alboan karpapean egokitzen den gunea da; euskarazko lanak aurkezteko musika kontzertu laburrak dira, 30 minutukoak.

Azoka TB Durangoko Azokan gertatzen dena zabaltzeko ikus-entzunezko komunikabidea da, eta azokaren Youtube kanalean ikus daiteke. Gune honetan ez da aurkezpenik egoten.

Szenatokia gunearen kokalekua San Agustin kulturgunea da, oinezko bidean Landakogunetik bost minutura. Antzokia da eta euskarazko antzezlanek edota arte eszenikoekin zerikusia izan dezaketen proposamenek osatzen dute egitaraua. Dena den, egitaraua aurrez definituta dago eta ez da gune honetarako deialdirik zabaltzen.

IRUDIENEA

Irudienea Landakogunetik 100 metrora dago, Durangoko Zine Zugazan. Euskarazko ikus-entzunezkoak erakusteko gunea da eta aurkezten den ikus-entzunezkoaren emanaldia baino lehen, 10-15 minutuko azalpen laburra egiteko tartea izaten da.

Saguganbara Landakogunearen ondoan dago, eta Elkartegia eraikinaren hall eta aretoan du kokalekua. Haur eta gazte arloan, arte diziplina ezberdinetako sormen lanak ezagutzera emateko gunea da; beraz, denbora tarteak disziplinetara egokitzen dira.

Plateruena Landakogune ondoko antzokia da. Azoka egunetan, egunez taberna zerbitzua eta gauetan kontzertu luzeak eskaintzen ditu. Ez da aurkezpenetarako deialdirik zabaltzen, antzokiko arduradunek ohiko bideetatik programatzen baitute eta ordaindutako kontzertuak baitira.