Ea ibaian jada erabiltzen ez zen presa bat eraitsi du Uraren Euskal Agentziak

Eraitsi den presa
URA
Publicado: viernes, 19 septiembre 2014 12:04

BILBO, 19 Sep. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailera atxikirik dagoen URA Uraren Euskal Agentziak presa txiki baten eraisketa bukatu du, Ea ibaia herrigunera sartu aurretik uretan gora 600 bat metrora. Eraitsi berri den azpiegitura hau jada ez zen erabiltzen.

Altuera gutxiko presa izan arren -80 bat zentimetrokoa-, ibaiertzaren higadura areagotzen zuen, eta ibaiaren ibilguan gora eta behera ibili beharko liratekeen uretako faunarentzat oztopo igarogaitz nabarmen bat zen. Lanok ibilguan faunarentzako jarraitutasuna berreskuratzea izan dute xede.

URAk jakinarazi duenez, lanok bost egunetan egin dira: alde batetik, presa eraitsi eta kokalekutik atera da, eta bestetik, presak metarazi zituen sedimentuak kendu dira. Orotara 10.000 euroko inbertsioa egin da.

Lanok URAk abian duen ibaien mantentze eta berreskuratze lanak egiteko zerbitzuaren barne izan dira. Zerbitzu horrek tamaina txiki edo ertaineko lanak egiten ditu ibaien ibilgu eta ertzetan, eta honako hauek ditu xede: alde batetik, ibaien ibilguen eta erriberako landarediaren egoera hobetzea (ibai ekosistemen egoera ekologiko ona lortzeko ezinbesteko baldintza da landaredia horren egoera ona bermatzea), eta bestetik, herriguneak zeharkatzen dituzten ibaien tarteetan, ibilguaren ur hustuketarako ahalmena bermatzea, hartara tarte horietan ur laminaren hazkundea -ibilguaren buxadurak sortu litzakeenak- ekiditeko.

Era horretako kalteak sarri ematen dira gure ibaietan (ibaiertzak finkatzeko lanak, ur hartzeak ahalbidetzeko egin beharreko lanak, presak, ibarren okupazioa hamaika eraikuntzekin, erriberako landarediaren mozketa eta abar), eta ondorioz, horiek guztiak konpontzeko prozesua zaila da oso, are gehiago kontuan izanda gure lurraldearen populazio dentsitatea eta belaunaldiz belaunaldi errepikatu izan den ibai eremuen okupazioa.

Hori dela eta, ezinbestekoa da eragile anitzen arteko lankidetza eta partaidetza ibaiei halako kalte berririk ez sortzeaz gain, jada eginikoak leheneratze aldera, Eako lanak kasu.