EAE, Nafarroa, Asturias, Kantabria, Gaztela eta Leon eta Galiziak Atlantikoko korridorearen aldeko agiri bat sinatu dute

Actualizado: viernes, 14 octubre 2011 19:26

BILBO, 14 Oct. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE), Nafarroako Foru Erkidegoak eta Asturias, Kantabria, Gaztela eta Leon eta Galiziako autonomia erkidegoek salgaien Atlantikoko trenbide-korridorearen aldeko adierazpen instituzionala sinatu dute gaur, urriaren 14an, Valladoliden.

Agiri horren xedea da Europako eta Estatuko agintari eta botere publikoei, tren-administrazioei eta, oro har, herritarrei aditzera ematea, batetik, zein garrantzitsua den trenbide-korridorea, lehentasunaren, errentagarritasun sozialaren, beharraren eta etorkizunerako potentzialari dagokionean. Gaztela eta Leongo Juntak Espainiako Sustapen ministroari helaraziko dio adierazpen instituzionala.

Ekitaldian parte hartu dute Mikel Diez Sarasola Eusko Jaurlaritzako Garraio zuzendariak, Anai Astiz Nafarroako Herri Lan eta Etxebizitza kontseilariak, Antonio Silván Gaztela eta Leongo Sustapen eta Ingurumen kontseilariak, Agustín Hernández Galiziako Ingurumen, Lurralde eta Azpiegitura sailburuak, Isabel Marqués Asturiasko Sustapen, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurumen kontseilariak, Francisco Javier Rodríguez Kantabriako Herri Lan eta Etxebizitza sailburuak eta Tomás Villanueva Gaztela eta Leongo Ekonomia eta Enplegu sailburuak.

Adierazpenak Eusko Jaurlaritzak egin eta hark bideratuta Bruselan apirilaren 13an aurkeztu zen manifestua hartu du oinarri. Erakunde sinatzaileek defendatzen dute Atlantikoko korridoreak Europan barnako garraio-sareetako linea nagusi, zentral edo oinarrizkoetan sartuta egon behar duela.

Horrela, egun sarea berrikusten ari direnez, sarea egokitzeko eta portuekin eta plataforma logistiko nagusiekin lotzeko behar diren inbertsioak egitearen alde agertu dira, garraiobideen arteko banaketa eraginkorragoa lortzeko, bai ekonomiaren ikuspuntutik, bai ingurumenarenetik, eta era berean, merkatu bakarrean hobeto integratzen laguntzeko.

Horretarako, aipatu autonomia erkidegoek uste dute Estatuak Espainia iparreko eta ipar-ekialdeko abiadura handiko trenaren sarea Atlantikoko korridorearekin koordinatuta bukatu behar duela, lurraldeen arteko oreka ahalbidetuko duen eta herritar guztiontzat irisgarritasun-baldintza bertsuak eskainiko dituen trenbide-sare homogeneo eta integratu bat lortzeko.

OREKA SALGAIEN GARRAIOAN

Atlantikoko korridorea bultzatu nahi dute horrek salgaien garraioan "nolabaiteko oreka" ekarriko duelako, halako moldez, non trenbideko eta itsasoko garraioa areagotuko den, errepidez egiten den garraioaren osagarri gisa.

Adierazpena sinatu duten sinatzaileek uste dute salgaien Atlantikoko korridorea era eraginkorrean eta iraunkorrean sustatzen bada, horrek aukera ezin hobea eskainiko duela Europa ipar-mendebaldea konektatzeko, eta lehiatzeko abantaila aparta, korridoreak zeharkatuko dituen eskualde eta herrialdeentzat, eta batez ere, penintsula Iberiarraren ipar-mendebaldearen aurrerabidearentzako, eta esan dute Europan barnako garraio-sareak (TEN-T) eta horri lotutako dauden finantzaketa-funtsei esker, asko hobetu dela eta ari dela hobetzen ekonomia-aurrerabidea eta gizarte-kohesioa erkidego horietan.

Sinatzaileen iritziz, Atlantikoko korridorearen egitasmoa estrategikoa da Europar Batasuneko garraio-politikarako; klima-aldaketaren kontra borrokatzeko, trenbidearen eta portuen erabilera bultzatuz (gutxiago kutsatzen baitute), eta garraiobide horien eraginkortasuna eta kate logistiko intermodalena hobetuz; inguruko ekonomia eta enpresak lehiakorrago egiteko, Europan barnako sare handietarako eta garatuagoak dauden eta aberatsagoak diren nodo eta zentro ekonomikoetarako konexio azkarrak eta eraginkorrak eskainiz.

Halaber, lehendik dauden garraio-sareen arteko interoperabilitatea eta jarraitutasuna, eta errepideko, itsasoko, trenbideko eta aireko garraioen arteko intermodalitatea eta lankidetza bultzatzeko eta, azken finean, Lisboako Estrategia lortzen eta egun burutzen ari den Europa 2010 hausnarketan laguntzeko estrategikoa izango dela deritzote.

Arku Atlantikoan 80 milioi herritar bizi dira, eta euroguneko BPGaren %30-40 hartzen du. Korridorearen ondoan 60 portu baino gehiago daude. Portu horietatik urtean guztira 650 milioi tona salgai baino gehiago bideratzen dira, eta egun korridorea urtean 100.000 milioi Tm/km inguruk baliatzen du. Baina gaur egun garraiobideen arteko desoreka handia da, trenez eta itsasoz garraiatzen den salgaien trafikoa guztira garraiatzen denaren %1 eta %16koa besterik ez baita.