EAEk 232 milioi euro baino gehiago lortu ditu Europako I+G+B arloko Horizon 2020 programatik

Actualizado: jueves, 28 julio 2016 12:50

BILBO, 28 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 176 erakundek hartu dute parte I+G+B arloko 326 europar proiektutan 2014an eta 2015ean, eta Horizon(te) 2020 europar programatik 232,14 milioi euroko finantzaketa lortu dute. Emaitza hauek %5 handiagoak dira aldi honetarako ezarritako eta euskal I+G+B arloaren Europako Koaderno Estrategikoan jasotako helburuak baino; koaderno horrek markatzen du euskal estrategia eremu honetan.

Horrela, zehazki, 2014. urtean 138,33 milioi euro lortu ziren, eta 2015ean 93,81 milioi, goranzko joera sumatzen delarik azken urteotan. Hori ondorioztatzen da Eusko Jaurlaritzak eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak egin duten "H2020ko Euskal Parte Hartzea" txostenetik.

Innobasquek jakinarazi duenez, proiektu horietako %38k euskal erakunde bat dute buru, "datu garrantzitsua, oso proiektu konplexuak baitira, Europar Batasun barruko eta kanpoko hainbat herrialdetako erakunde askorekin tartean". Gainera, arrakasta tasa, hau da, finantzaturiko proiektu kopurua aurkezturiko proiektu kopuruaren aldean, %15ekoa baino handiagoa izan da, Europako batez besteko %12,2koaren edo Espainiako batez besteko %12,6koaren gainetik.

Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak ezartzen duenez, lau urte barru Euskadik 805 milioi euro lortuak izan behar ditu Horizon(te) 2020 Europako finantzaketa programatik -guztira 80.000 milioi euroko aurrekontua du- eta Europako 2.100 ikerketa proiektutan parte hartua izan behar du.

Horizon(te) 2020 programak "zientzia bikaineko Europa" nahi du; teknologiak (IKTak, nanoteknologia, fabrikazio aurreratua, bioteknologia eta espazioa) garatzea enpresen lehiakortasuna hobetzeko; eta Europako gizarteak aurrean dituen erronka handien (osasun eta zahartze, elikadura, energia, garraio, klima eta lehengai, gizarte inklusibo eta segurtasunaren) inguruan ikerketa egitea.

Euskadik lorturiko finantzaketaren %77 RIS3 Espezializazio Adimenduneko Estrategian ezarritako lehentasun estrategikoetan biltzen da (fabrikazio aurreratua, energia eta biozientziak/osasuna), eta %13 aukera eremuetan (ekosistemak, hiri habitata, elikadura eta kultur eta sorkuntza industriak).

ENPRESAK

EAEko enpresen parte hartzea proiektu hauetan indartu egin da azken bi urteetan, eta lehen aldiz gainditu da euskal teknologia zentro eta ikerketa kooperatiboko zentro guztiek lorturiko finantzaketa. Modu honetan, 128 euskal enpresak -horietako 85 ETEak- 105,89 milioi euroko finantzaketa lortu dute. Beste 26 ETE berritzailek ETE Tresnaren bidez lortu dute laguntza beren negozio planei ekiteko eta beren produktuak lehenbailehen nazioarteko merkatuetara eramateko.

Bestalde, teknologia zentroek eta ikerketa kooperatiboko zentroek osaturiko multzoak 88,01 milioi euro lortu ditu, eta unibertsitateen eta oinarrizko eta bikaintasunezko ikerketa zentroen (BERC) parte hartzea nabarmen hazi da aurreko urteekin alderatuta, 27 milioi euro lortuta.

Estatu mailan, Euskadi da buru H2020ko partaidetzari dagokionez garraio iraunkor, nanozientzia, material aurreratu, bioteknologia eta fabrikazio aurreratua bezalako arloetan. Espainiak 1.100,8 milioi euro lortu ditu Horizon(te) 2020 programatik, eta horietako %70 Katalunian (%28), Madrilen (%24) eta Euskadin (%17,5) biltzen da. Espainia Europako finantzaketa handiena lortu duen laugarren herrialdea da, Alemania, Erresuma Batua eta Frantziaren atzetik.